Politika

Gaur hasi da Garzon EHAKren aurkako auzia dela-eta ezker abertzaleko kideak hartzen

Alderdiaren diru kontuak direla tarteko, 23 inputatuetatik sei izan dira epailearen aurrean, eta ez dute deklaratu. Deklarazio hartze horiek "gerra estrategia" baten barruan kokatu ditu ezker abertzaleak.

2008ko irailaren 8a
14:13
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon instrukzio epaileak EHAKren aurka irekitako sumarioaren barruan, ezker abertzaleko 23 kide gaur hasi dira inputatu gisa epailearen aurretik pasatzen. Gaur sei izan dira, eta ez dute deklaratu. Garzonek eta Vicente Gonzalez Mota fiskalak egin dizkiete galderak. Epaileak beste lau inputatu hartzeko asmoa ere bazuen, presoak laurak, baina horiek ez dituzte auzitegira eraman.

Etzi eta etzidamu segituko dute saioek, EHAKren diru kontuak direla tarteko.

Garzonek otsailean bertan behera utzi zuen alderdiaren jarduna, hiru urterako. Uztailean jakinarazi zituen 23 horien aurkako inputazioak. Erakunde armatuko kide izatea egozten die.

Inputatuetako sei donostiarrak dira, eta hango ezker abertzaleak Espainiako eta Frantziako estatuak egiten ari diren "gerra estrategiaren barruan" kokatu ditu zitazioak. Ezker abertzalearen ustez, "Euskal Herriaren defentsan lanean aritzeagatik" auzipetu ditu Garzonek.

Ezker abertzalearen irudiko, "salbuespen egoera" bizi du Euskal Herriak. "PSOEk ezker abertzalea deuseztatzea erabaki du, EAJren laguntza eskergarekin". Bi alderdiok errepresioa eta Espainiako Konstituzioa bakarrik eskaintzen dituzte, ezker abertzalearen arabera. Horretarako, ordea, "ezker abertzalea amaitu" behar dutela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.