Gaur hasi dira Txaden Zoeren Ontzia erakundeko sei kide epaitzen

Sei frantziarrez gain, Txadeko hiru herritar eta Sudango bat ere ari dira epaitzen.103 haur Europara eramateko saioa egiten ari zirela atxilotu zituzten. Engainuaren bidez ume horiek bahitzen ahalegintzea leporatzen diete. Haur horiek Darfurko umezurtzak zirela eta ekintza humanitarioa egiten ari zirela dio Zoeren Ontziak. Euskal Herrian ume horiek hartzeko prest ziren zenbait familia.

2007ko abenduaren 21a
16:18
Entzun
Zoeren Ontzia gobernuz kanpoko erakunde frantziarreko sei kide, Txadeko hiru herritar eta Sudango beste bat epaitzen hasi dira gaur Djamenan, Txadeko hiruburuan, 103 haur engainuaren bidez bahitzeko saioa egitea leporatuta. Segurtasun neurri handiak hartu dituzte Justizia Jauregiaren inguruan, auzi horren harira frantziarren kontrako jarrera nabarmen zabaldu baita Txadeko herritarren artean, eta protesten beldur baitira agintariak.

Joan den urriaren amaieran 20 bat lagun atxilotu zituen Txadeko Poliziak, herrialdetik 103 haurrekin batera ateratzeko ahalegina egiten ari zirela. Hain zuzen ere, ume horien bahiketa leporatu zieten; adopziorako saldu nahi zituztela eta pedofiloak zirela ere egotzi zieten une batzuetan.

Zoeren Ontziko kideek, berriz, ekintza humanitarioa egiten ari zirela agertu dute behin eta berriz; hots, ume horiek Darfurko gerrako umezurtzak zirela, hiltzeko arriskuan zirenak, eta haurrak Europara eramateko legedia urratu zuten arren, haurren bizitza salbatzea eta nazioarteko komunitatea Darfurko egoeraz ohartaraztea zela beren helburua. Nolanahi ere, Mendebaldeko gobernuek eta nazioarteko erakundeek -besteak beste, NBEko UNHCR errefuxiatuentzako erakundeak eta Gurutze Gorriak- auzitan jarri zuten haurrak Darfurko umezurtzak zirela.

Atxilotu zituzten hainbat lagun aske uzten joan ziren egunek aurrera egin ahala Txadeko agintariak, hala nola, haurren garraiatu behar zituen hegazkin kataluniarreko eskifaia eta Zoeren Ontzikoek eurekin eraman zituzten kazetari frantziarrak. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, esaterako, esku-hartze nabarmena izan zuen pertsona horiek aske uzteko.

Euskal Herrian, Lapurdin eta Nafarroa Beheran, haur horiek aterbetzeko prest ziren hainbat familia. Familia horiek behin eta berriz agertu dute beren asmoa ez zela ume horiek adopzioan hartzea, Darfurko egoera konpondu arte haur horiei laguntzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.