Auzitegiak

Gaur hasi eta urrian amaituko da 'De Miguel auziko' epaiketa

Fiskaltzak 54 urteko kartzela zigorra eskatu du EAJko buruzagi ohi Alfredo de Miguelentzat, legez kanpoko elkarte bat eratu eta komisioak kobratzea egotzita. Orotara, 26 persona daude auzipetuta.

Arabako Lurralde Auzitegiko aretoetako bat bete dute auzipetuek. JAIZKI FONTANEDA, ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2018ko urtarrilaren 8a
12:03
Entzun

Luze joko du De Miguel auziak. Badira zortzi urte ustezko ustelkeria sarea argitara atera zela. 2009ko abenduan enpresari batek salatu zuen De Miguelek eta Aitor Telleriak 100.000 euroko saria eskatu ziotela Miñaoko Parke Teknologikoa zabaltzeko lanak bere enpresaren esku uztearen truke.

Hurrengo urteko martxoan, Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatua zena atxilotu zuen Ertzaintzak, eroskeria, influentzia trafikoa eta diru zuriketa leporatuta. De Miguelekin batera atzeman zituzten Telleria bera, orduan Gasteizko Udaleko zinegotzi eta Arabako Buru Batzarreko kidea zena, Alfonso Arriola —Miñaoko parke teknologikoko zuzendaria 2006tik 2009ra— eta Koldo Otxandiano Arabako Ongizate Institutuko zuzendari ohia.

Fiskaltzak, orotara, 119 urteko kartzela zigorra eskatu du 26 auzipetuentzat. Leporatzen zaizkienak, berriz, legez kanpoko elkarte bat eratu eta komisioak kobratzea, EAJk gobernatutako erakundeen kontratu eta adjudikazio publikoak modu irregularrean eskuratzea, egin gabeko lanengatik dirua lortzea, kapitala zuritzea, eroskeria, bortxaz jendea behartzea eta dirua bidegabe erabiltzea. Denera, 150 pertsonaren lekukotzak entzungo dituzte auzian, eta, beraz, epaiketa urriaren amaieran amaitzea espero da.

Frogak baliogabetzeko eskaera

Ustezko iruzurragatik EAEn inoiz egin den epaiketarik handiena da. Auzipetuen deklarazioak otsailaren 19tik aurrera izango dira. Ordea, lehen egunean, defentsako eta akusazioko abokatuen txanda izan da. Hala, frogen eta diligentzien baliogabetze partziala ere eskatu du De Miguelen defentsak. Besteak beste, Ainhoa Alberdik egindako grabazioekin zerikusia duten froga guztiak baliogabetzeko eskatu du, horien zaintza katean hutsuneak egon direlakoan.

Horretaz gain, defentsak kritikatu du De Miguel, Telleria eta Otxandianoren etxeak miatu zituztenean epailearen baimenik gabe eraman zituztela euren ordenagailu eta gailu informatiko guztia. Gainerako akusatuen abokatuek ere bat egin dute De Miguelen defentsaren argudioekin.

Aldiz, Josu Izagirre fiskalak eskatu du lekuko gisa deklara dezala ikerketa ahalbidetu zuten grabazioen zaintzaz arduratu zen ertzainak.

EAJ, kexu

Auzipetutako askok alderdiarekin duten zerikusia kontuan hartuta, EAJ kexu agertu da auzia horrenbeste luzatzeagatik. BBBko buru Itxaso Atutxak salatu du "EAJren aurkako asmo txarrak" daudela atzerapenaren atzean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.