Gaur hasiko da Frantziako Legebiltzarrerako kanpaina Ipar Euskal Herrian

37 hautagairen artean aukeratu ahal izango dituzte hautesleek Legebiltzarrerako ordezkariak. Aspaldiko partez, batera aurkeztuko dira alderdi abertzale gehienak: AB, Batatsuna eta EA.

2007ko maiatzaren 21a
17:48
Entzun
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzulia ekainaren 10ean izanen da, eta bigarrena 17an. %10eko heina lortzen duten hautagaiak pasatzen ahalko dira bigarren itzulira. Kanpaina gaur hasiko da.

Ipar Euskal Herriak bi eta hiru diputatu bitartean ukanen ditu. Alabaina, hiru hauteskunde barrutitan zatitzen da eremua. Horietatik bat, laugarrena, Biarnoko zati batek, Zuberoak eta Baxenabarreko zati batek osatzen dute. Orain arteko diputatua, Jean Lassalle, Biarnokoa da. Eta hautatuko duten berria ere hala izanen da, hiru alderdi nagusietako hautagaiak Biarnokoak baitira, hala nola Jean Lassalle UDF-MoDem-ekoa, Herve Lucbereilh UMPkoa eta Jean-Pierre Domecq PSkoa. Aurreko aldietan ez bezala, Frantxoa Maitia garaztarra ez da aurkeztuko PSren izenean. PSren barne bozak galdu zituen.

Euskal Herriko hautesleek orotara 37 hautagaien artean hautatu ahal izanen dute. Hamabi aurkeztuko dira bosgarrenean, beste hainbeste seigarrenean eta hamahiru laugarrenean. Hamazazpi hautagai emazteak dira. Bosgarreneko erdiak, seigarreneko zazpi eta laugarreneko lau.

Lehia nagusia hiru talde handiren artekoa izanen da. Alde batetik daude Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakari berriaren alderdikoak, hala nola UMPkoak. Bestetik, Euskal Herrian emaitza oso ona lortu zuen François Bayrouren alderdikoak daude (UDF-Mugimendu Demokrata). Hirugarrenik, ez da gutxiestekoa Alderdi Sozialistaren indarra, presidentzialetan emaitza ona lortu baitzuen Lapurdin eta Zuberoan.

GRENET-EN AULKIA. Bosgarren hauteskunde barrutia izanen da, aurten ere, lehia estuena ukanen duena. Jean Grenet (UMP) orain arteko diputatuak aulkia galtzeko arrisku handia ukan dezake. Azpimarratzekoa da Segolene Royal Frantziako lehendakaritzarako hautagai sozialistak emaitza oso ona lortu zuela Baionan, eta duela hiru urte izan ziren kantonamendu hauteskundeetan PSk Baionako hiru kantonamenduetan irabazi zuela. Jean Espilondo lehendik ere diputatu izana da, eta aulkia berreskuratzeko indarrez ikusten du bere burua.

Ez da garbi laugarrenean ere zer gertatuko den. Jean Lassalle orain arteko diputatuak aitortu du partida zaila izanen duela. UMP alderdiko hautagaia UDFtik hurbil dagoen Beñat Intxauzperekin batera aurkezten da, eta aspaldi hasia du kanpaina, herriz herri. Lassalle Jacky Coumet Hazparneko auzapezarekin (UMP) aurkezten da, baina Intxauzpe hazpandarrak gaitzeko zafraldia eman zion Coumeti duela hiru urteko hauteskunde kantonaletan. Intxauzpe euskaltzale gisa agertzen den Hazparneko kontseilari nagusi gaztea da. Orain, Nicolas Sarkozyren alde agertu da.

Lehia gutxi espero da, aldiz, seigarren hauteskunde barrutian (Lapurdi hegoaldea). Michele Alliot-Mariek %49ko emaitza lortu zuen duela bost urte, lehen itzulian bertan. Nahiz eta jakin, Frantzian UMP nagusituz gero, ministro izaten jarraituko duela, hautesleek babes zabala erakutsiko diotela espero da. Frantziako Barne ministro izendatu berria izateak ohoreak handitu baizik ez dizkio eginen, tokiko populazioaren artean. Horrek zailduko du, berriz ere, hauteskunde barruti horretan kanpaina bizia antolatzea.

Abertzaleentzat erronka txikia bada ere, beren zinezko indarraren neurgailu aproposa izanen da. Aspaldiko partez, batera aurkeztuko dira abertzaleak, Euskal Herria Bai koalizioaren barne. Abertzaleen Batasuna, Batasuna eta Eusko Alkartasuna elkarrekin aurkeztuko dira. Hastapeneko elkarrizketetan EAJ ere koalizioaren barnean baldin bazen ere, iazko abenduaren 30ean ETAk Barajasen egin zuen atentatuaren ondotik, koaliziotik erretiratu zen. Nahiz eta ondotik ere lau alderdiek hitz egiten jarraitu zuten, EAJ ez zen berriz itzuli.

Hala ere, EAJk ez du hautagairik aurkeztuko hauteskunde hauetara eta, beraz, hautagai abertzale bakarra izanen da hauteskunde barruti bakoitzean.

EAJk UDF-MoDem alderdi zentristaren aldeko botoa eskatu du. Azken egunetan bi alderdiek elkarrizketak ukan zituzten, baina ez dute hautagaitza batu baterako akordiorik lortu. EAJk hiru puntu proposatu zizkion alderdi horri, hala nola euskararen ingurukoa, Ipar Euskal Herriaren ezagupenari buruzkoa eta «mugaz gaindiko» harremanei buruzkoa. Hautagai zentristek puntu horiekin bat egin dutela erranez, EAJk horien alde bozkatzeko eskatu du. Haatik, laugarren hauteskunde barrutiko hautagai zentrista ez du sostengatzen, hiru puntu horiekin ez duela bat egiten erranez.

EZKERRA ZATITURIK. Abertzaleek bezalako batasunik ez du lortu ezker antiliberalak. Presidentzialetarako hauteskundeetan bezala, alderdi bakoitza bere hautagaiarekin joanen da. LO alderdi troskistak hiru hauteskunde barrutietan ukanen ditu hautagaiak. LCR laugarrenean eta bosgarrenean izanen da. Berdeak hiru hauteskunde barrutietan aurkeztuko dira. PCF laugarrenean eta bosgarrenean. Seigarrenean, aldiz, LCR eta PCF ez dira aurkeztuko. Baina kolektibo antiliberalaren hautagai bat izanen da. Hauteskunde barruti horretan bakarrik lortu dute Jose Bovek ordezkatzen zuen ezker altermundialista, LCR eta PCF biltzea. Bosgarrenean, PCF eta kolektibo altermundialista batera aurkeztuko dira, hautagaia eta ordezkoa alderdi komunistakoak badira ere.

Alderdi ezezagunetako hautagai franko eta independente andana bat ere aurkeztuko da. Horietariko bat La France en Action alderdi berria da. Hau ere, hiru barrutietan aurkeztuko da. Europako hauteskundeetan aurkeztu zen. Bere burua ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketatik eta muturreko alderdietatik kanpo kokatzen du, eta ekologismotik hurbil.

CPNT ehiztarien alderdiak hautagai bakarra aurkeztuko du, bosgarrenean. Debout La Republique izeneko eskuineko alderdiak ere bosgarrenean ukanen du hautagaia.

Alderdi nagusien ondoan hainbeste txiki izanik, gai eta proposamen anitz agertuko da datozen egunetan. Azpiegiturek toki handia ukanen dute kanpaina horretan, besteak beste Baxenabarreko autobide proiektuak, A63aren zabaltzea eta AHTrako trenbide berriak. Etxebizitzaren eta garapen ekonomikoaren arazoa ere denen ahotan ibiliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.