Komunikabideak

Gaur hasiko dira BERRIAren 5. urteurrena ospatzeko ekitaldiak

Andoainen egingo da gaur, 20:00etan, Martin Ugalde Kultur Parkeko areto nagusian. Ekainaren 21ean ekitaldi nazionala izango da Donostian, Kursaalean.

2008ko apirilaren 15a
12:41
Entzun
Gaur abiatuko dira BERRIAren 5. urteurrena ospatzeko eskualdez eskualde egingo diren ekitaldiak. 20:00etan hasiko da gaurko ekitaldia, Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkeko areto nagusian.

BERRIAk bost urte bete dituela, urteotako bideoa botako dute, eta aurrera begirako proiektuez hitzaldia emango du Joanmari Larrarte Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) kontseilari ordezkariak. Ondoren, mokadua egongo da.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi eta gero, ekainaren 21ean sortu zen BERRIA, eta bere sortze prozesuan oso garrantzitsua izan zen herriz herri egindako lana. Horregatik erabaki du EKTk 5. urteurrenaren harira eskualdez eskualde ekitaldiak egitea. "Ekitaldi horiek helburu bikoitza dute: orain bost urte jaso genuen laguntzarekin zer egin dugun azaldu eta aurrera begirako proiektuak aurkeztea", dio EKTk.

Andoaingoaren atzetik etorriko dira gainerako ekitaldiak: Gernika-Lumo, Donibane Garazi, Donostia, Altsasu, Ondarroa, Eibar, Bilbo, Bera, Irun, Durango, Tolosa, Gasteiz, Arrasate, Iruñea, Baiona, Laudio, Zarautz, Getxo, Beasain, Lizarra eta Errenteria. Ekainaren 21ean, bosgarren urteurrenaren egunean, ekitaldi nazionala egingo da Donostian, Kursaalean.

Ekitaldi amaieran urteurrenerako etiketatutako sagardo botila bat, BERRIAren pin bat eta BERRIAren harpidetza bi hilabetez doan jasotzeko txartel bat (ekitaldira joan dena harpideduna bada, beste bati oparitzeko) jasoko dute joaten direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.