Ingurumena

Gaur hasiko dute koke plantari buruzko galdeketa Muskizen

Larunbatera arte iraungo du kontsultak, eta egunero herriko hiruzpalau gunetan jarriko dituzte mahaiak, 18:00-20:30ak artean astegunez, 12:00-20:00ak artean zapatuan.

Maite Asensio Lozano.
2009ko martxoaren 23a
15:41
Entzun
Muskizko (Bizkaia) 5.000 bizilagunek baino gehiagok izango dute gaurtik aurrera Petronorrek bertan eraiki nahi duen koke plantari buruzko iritzia emateko eskubidea. Auzoz auzo egingo dute herri galdeketa, larunbatera bitarte, koke plantaren aurkako plataformak antolatuta, eta berme batzordeak gainbegiratuta.

Gaurtik ostiralera, 18:00etatik 20:30era jarriko dituzte botoa emateko mahaiak. Galdeketa auzoz auzo egin ahal izateko, erroldaren arabera antolatu dute mahaien kokalekua: egun bakoitzean herriko hiruzpalau gunetan egongo da botoa emateko aukera; guztira Muskizko hamabost gunetan ipiniko dituzte mahaiak. Azken egunotan, auzo bakoitzari dagokion eguna eta lekua jasotzen duen egutegia banatu dute postontzietan. Astean zehar botoa eman ezin dutenentzat, larunbatean mahai bat jarriko dute Meatzari Plazan, 12:00etatik 20:00etara. Ondoren, botoak zenbatuko dituzte.

Prozesua "gardena" dela ziurtatzeko, berme batzordea eratu dute, "sentsibilitate desberdinetako emakume eta gizonek osatuta". Ados al zaude Muskizen koke planta bat egiteko proiektuarekin? galderari erantzuna emateko, baietza eta ezetza jasotzen duten boto paperak mahai guztietan egoteaz arduratuko da batzordea. Halaber, herritar bakoitzak behin bakarrik bozkatzen duela ziurtatuko du.

Arantza Landeta berme batzordeko kideak azaldu duenez, Parte Hartuz-ek, Lokarrik eta unibertsitate, gizarte zein kulturako hainbat lagunek atxikimendua adierazi diote batzordeari. "Mahaietan gatazkarekin zerikusirik ez duten pertsonak jartzen saiatuko gara", esan du Landetak. Alderdi politikoei ere herri galdeketan parte hartzeko gonbita egin diete; EAk, EBk, Aralarrek eta ezker abertzaleak gonbitea onartu dute.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak iaz emandako ingurumen baimenen ondoren, otsailean koke plantaren jarduera baimena eta obretarako baimena eman zizkion Muskizko Udalak Petronorri.

Hasieran, martxoaren 1ean egin nahi izan zuten galdeketa, Eusko Legebiltzarrerako bozekin batera, baina ez zuten baimenik lortu, "eta orain jendeak uste du berandu dela, dena erabakita dagoela", dio Landetak. "Baina guk uste dugu aukera hau baliatu behar dela. Galdeketa loteslea ez den arren, iritzia ematera ohitu behar dugu". Landetak ukatu egin du batzordetik baietzaren edo ezetzaren aldeko kanpaina egin dutenik: "Guk parte-hartzerako deia baino ez dugu egin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.