Gerta liteke Baiona ekialdean ere aldaketak egotea. Jean-Rene Etxegarai kontseilari nagusiak ez du arras segurtatua aulkia mantentzea. Jerome Agerre sozialista eta haren arteko aldea biziki ttipia da. Abertzaleen bozak erabakigarriak izanen dira, bai batentzat, bai bestearentzat. Etxegarairen postua larri dagoelako seinale gisa har daiteke Jean Grenet Baionako auzapeza mintzatu izana. «Jean-Rene Etxegaraiek ez du merezi galtzea». Etxegarai Baionako auzapezordea da.Gainerateko kantonamenduetan, aldaketa gutxi espero da. Angelu iparraldean, Jean Espilondo sozialistak bere aulkiaren kontserbatzeko aukerak alde dauzka. Lehen itzulian emaitza ona lortu zuen eta ezkerreko bertze hautagaien bozekin nahikoa luke irabazteko.Ez da ustekabe baten menturarik Baiona mendebaldean. Jean-Louis Domergue eskuineko kontseilari nagusiak ez du nagusitasuna galtzeko arriskurik. Miarritze mendebaldean, Max Brisson lasai dago. Ezkerreko hautagaia hauteskundeen irabaztetik urrun dago. Atharratzekoan berdin. Michel Arhanzet %50etik hurbil gelditu zen joanden igandean.Bastidan, orain arte bezala, Jean Castaingsek jarraituko du, itxura guztien arabera. Hirugarren postuan heldu zen Marguerite Tassy sozialista lehiatik ez erretiratu izanak Leopold Darritxon Elgareko hautagaiari aukera gutxi uzten dio irabazteko. Darritxonek, menturaz, kontseilu nagusira itzultzeko sarbide bat aurki zezakeen, Tassy ez balitz aurkezten.
Kontseilu nagusiko batzarra ostegunean
Kontseilu nagusiko batzarra iraganen da heldu den ostegunean, egun osoan zehar. Gaur hautatuko diren kide berriekin edo berriz hautatuko diren kideekin, departamenduko lehendakaria, lehendakari-ordeak eta batzordeetako buruak hautatuko dituzte. Ez da aldaketa handirik espero, oreka beti eskuinaren aldekoa izanen dela pentsatuz gero.
-
ESKUALDE HAUTESKUNDEAK
Ezkerra berriz ere
Lehen itzuliko emaitzen arabera, berriz ere ezkerrak hartu behar luke Akitaniako eskualde kontseiluko gehiengoa. Hautesleek hiru zerrenden artean izanen dute hautua. Joan den igandean boz kopuru handia jaso zuen ezkerreko zerrendak eskuineko bi izanen ditu parean. Batetik, UDF eta UMP alderdiek osatu dutena, eta, bertzetik, FN alderdiarena. Hiru alderdi izateak errazago eginen dio PSi hauteskundeen irabaztea. Lehen itzulian UDF eta UMPk lortu boz kopurua baturik ere, ez lukete lortuko PS-Berdeak zerrendak eta PCFek zerrendak lortu bozka kopururik.
Pentsatzekoa da, orduan, Alain Roussetek jarraituko duela Akitaniako buru, Berdeekin batera. PS-Berdeak zerrendak ez du bat egin PCFkoekin, hauek ez baitute %5a gainditu. Kopuru hori beharrezkoa da bertze zerrenda batekin batu ahal izateko. Hala ere, komunistek Rousseten alde bozkatzea galdegin dute. Xavier Darcos UMPkoak aukera gutxiago du, beraz, Akitaniako lehendakari bihurtzeko.