Sua Faltzesko lurretan dagoen pinudi batean sortu zen, asteazkeneko 17:15 inguruan; beroak, ipar haize gogorrak eta sastraka idortuek bidea erraztu zioten, eta ordu gutxiren buruan 350 hektareatik gora kiskalita zeuden. Sutea itzaltzeko 90 suhiltzaile, 4 helikoptero, 4 hegazkin eta 224 militar joan ziren pinudira. Atzo iluntzerako ia dena kontrolpean zuten, baina oraindik gelditzen ziren zenbait su txiki itzaltzeko. Sutea Azkoiengo herrigunetik 300 metrotaraino gerturatu zenez, 500 herritar inguru ebakuatu behar izan zituzten, baina atzo goizerako etxean ziren guztiak. Azkoiengo Udaltzaingoak esan duenez, ez da inor zauritu, ez eta kalte materialik gertatu ere.
Azkoiengo Hirigintza eta Industria zinegotzi Juan Carlos Castillo pozik agertu da jada ez dagoelako inoren bizitza arriskuan, baina kezka agertu du pinudiaren egoeraz: «Herrian daukagun inguru ekologikorik garrantzitsuena da. Sua guztiz itzaltzean ikusiko dugu zenbat denbora beharko dugun eremua birlandatzeko; leku batzuetan lur azpia oso baldintza txarretan dago, eta ezingo da berriro pinurik landatu».
Suteak saihesteko baliabideetan gehiago inbertitu behar litzatekeela uste du: «Pinu horiek 80 urte zituzten; hemen ez zaigu inoiz halakorik gertatu. Horrelako zerbait gertatzen denean, zeure buruari galdetzen diozu ea benetan horri aurre egiteko moduan al zauden; guk prestatutako suebakiak ez ziren eraginkorrak izan».
Hala ere, ez du uste suak dakarren arriskuari buruzko kontzientzia falta denik: «Nik uste dut gehiengoa kontziente dela, baina baliteke ez jakitea zein gauza gutxi behar diren sute bat sortzeko; nahikoa da beirazko botila bat eguzkitan uztea, eta akabo». Hori dela eta, nabarmendu du eguraldia kontuan izan behar dela mendian ibiltzerakoan.
Joseba Etxarte.EHNE nekazari sindikatuko kidea
«Nekazaritza mota batzuk suebaki naturalak dira»
S.V. DonostiaNekazariek garrantzi handia izaten dute suteei aurre hartu eta haiek itzaltzerako garaian; Faltzesen ere lagundu dute suebakiak egiten. Joseba Etxarte EHNEko kidearen ustez, nekazarien lana ez da nahikoa baloratzen.
Nola bizi dituzue suteak nekazaritza munduan?
Urte askoan gu egin gaituzte haien errudun, uztondoko belar txarrak erretzen genituelako. Haiek debekatu zituztenetik, suteak ezin dira kontrolatu, baina oraindik, gu egiten gaituzte erantzule. Suteak daudenean gu izaten gara suhiltzaileei laguntzen lehenak; asko dugu jokoan. Baina gure lana ez da nahikoa baloratzen; traba gutxiago eta laguntza gehiago behar dugu.
Suteei aurre hartzeko neurriak nahikoak direla uste duzu?
Ez, noski. Guk nekazaritza estentsiboa aldarrikatzen dugu, besteak beste, mendien garbiketa: neguan ganadua mendira eramaten baduzu, udan larrea garbi egongo da, belar txarrik gabe, eta suteak gertatzeko aukera gutxiago egongo da. Baina ez dituzte bultzatzen guk proposatutako neurriak, debekatu baizik. Orain esan dute Erriberan (Nafarroa) abeltzaintza mugatu nahi dutela. Eurek jakingo dute zergatik egiten duten! Helburu turistikoa izango du akaso. Suteei aurre hartzeko, behintzat, neurri negatiboa da.
Zuek zein neurri proposatzen dituzue?
Badaude nekazaritza mota batzuk suebaki naturalak direnak; adibidez, eguzki loreak edo ilarrak landatzea. Haiek biltzean lurra garbi gelditzen da, uztondorik gabe. Baina hori gero eta gutxiago erabiltzen da, ez delako ekonomikoki errentagarria. Duela urte batzuk Nafarroako Gobernuak ematen zituen diru laguntzak, baina kendu egin zituen. Erriberan badaude oraindik, baina oso eskasak dira.