Iruñeko espetxe berria gaur zabaldu dute, eguerdian. Santa Luzia muinoan dago, eta bi eraikin ditu: batetik, kartzela bera, eta, bestetik, sartze sozialerako gunea. Espetxeak 504 ziega dauzka —bi lagunentzako tokia du bakoitzak—, eta beste zentroak 51 gela bikoitz. Horrez gain, formakuntzarako, tailerretarako, kirolarako eta ikusentzunerako guneak eraiki dituzte. Ehun milioi euroko kostua eduki du lanak.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak inauguratu du kartzela. Ekitaldian izan dira, halaber, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Roberto Jimenez lehendakariordea.
Iruñeko espetxe zaharra 1901ean egin zuten eta 100 ziega ditu. 240ren bat preso daude egun han. Euskal Herriko kartzelarik zaharrena da.
Protestak espetxearen aurrean
Espetxe berriaren aurrean elkarretaratzea egin dute Herrira mugimenduak, Salhaketak eta Sanduzelaiko auzo elkarteak. Bi orduko agerraldia izan da, eta 150 lagun inguru bildu dira.
Herrira mugimenduak euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien "salbuespen neurrien bukaera" eskatu dio Espainiako Barne ministroari.
"Uste dugu aurreranzko pausoak eman behar direla espetxe politikan, eta horrek bakea hurbilduko duela. Presoak Euskal Herrira ekarriz gero, hurbilago egonen da bakea", esan du Herrira-ko Sergio Labaienek.