Ezuste gutxi egongo da Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeako udalen eraketetan. Gasteizen, Patxi Lazkoz hautagai sozialista izango da alkate. Gobernu itunik ez da lortu oraindik Gasteizko Udalean, eta, beraz, PSE-EEko hautagaiak hauteskundeetan boto gehien eskuratu zituelako aukeratuko dute bihar alkate. Gainera, arazorik ez du izango kargua hartzeko, Alfonso Alonso PPren hautagaiak atzo jakinarazi zuelako ez duela gaurko kargu-hartzean hautagaitza aurkeztuko. Ezker Batua-Aralar koalizioko bi zinegotziak abstenituko dira Lazkozen kargu hartzean, eta EAk, berriz, boto txuria emango du. EAJren jarrera, ostera, gaur bertan argituko da.
Bilbon, Iñaki Azkuna EAJko hautagaiak alkate lanetan jarraituko du datozen lau urteetan, eta gehiengo osoz aginduko du, akordioa erdietsi baitu EBrekin. Gobernu itunaren arabera, udaleko hamar sailen ardura izango du EAJk, eta bi izango ditu Ezker Batuak. Azkunak hirugarren legealdia izango du alkatetzan.
Donostian, PSE-EEko Odon Elorza atzera alkate izango da. Bosgarren agintaldia izango du. Herenegun EB-Aralarrekin akordiorako oinarria itxi ondotik, gehiengo osoz aginduko du Elorzak. Izan ere, sozialistek 11 zinegotzi dituzte eta EB-Aralarrek, berriz, hiru. Datorren asteartean sinatuko dute gobernu akordioa PSEk eta EB-Aralarrek. Aurreko legealdian ere PSE eta EB elkarrekin zeuden udal gobernuan, baina EBk duela zenbait hilabete utzi egin zuen, erraustegiaren auzia zela medio. Gai hori itunetik at geratuko litzateke oraingoan.
Iruñean, berriz, Yolanda Barcina UPNko hautagaiak alkate kargua berretsiko du. PSNk EAE-ANVren menpeko hautagaitzarik ez babesteko hartutako erabakiaren ostean, Uxue Barkos NaBaiko hautagaia ez babestea erabaki zuen. Hala, UPNko hautagaiak lortuko du gaur alkatetza, PSNren abstentzioarekin.
Bestalde, eserleku kopuruan berdinketa izan duten zerrenden artean gobernua eratzeko akordiorako oinarririk lortu ez den hainbat udalerritan gaur bertan argituko da alkatetza noren esku egongo den. Araban, esaterako, Eltziego, Mañueta, Iruña Oka, Legutio eta Moredan gertatuko da hori.
Gipuzkoan, berriz, Lizartzaneta Elduainen ez da udal gobernurik osatuko gaur. Lizartzan, Gipuzkoako Boletin Ofizialak oraindik ez baitu argitaratu herri horietan PPren izenean aurkeztu ziren hautagaien ukoa, eta, beraz, kide berriek ezin dute kreditazioak hartu. Elduainen Tolosaldeko hauteskunde batzarrak PPren eledunen ukoa onartu du, baina alderdikideek ezingo dituzte ordezkatu, 250 biztanle baino gutxiagoko herria delako.
Zaldibiako Udalaren (Gipuzkoa) eraketari dagokionez ere zalantzak daude. Patxi Aierbe Aralarreko hautagai eta egungo alkateak esan du zaila iruditzen zaiola gaur Udala osatzea. Izan ere, 435 boto lortu zituen Aralarrek, EAE-ANVk zegozkion boto baliogabeak bezainbeste. Berdinketa horrekin zer egin erabaki gabe dute.
EAE-ANV. EAE-ANVk esan du Euskal Herriko udaletxeetan izango dela gaur. «Gatazka behin betiko gainditzeko marko demokratikoaren proposamena» emango die eskura gainerako alderdi politikoei, eta baliogabetzeen ondorioz beste alderdiei «ez dagozkien» eserlekuak ez hartzeko exijitu die.
Udalez udal entregatuko duten ekimenaren bidez, «demokrazia zerori ezezko borobila ematea eta prozesu demokratikoari baiezkoa» emateko indarrak biltzeko deia egin du EAE-ANVk.
Erakunde asko ez direla demokratikoak izango salatuko du gaur EAE-ANVk udaletxeen parean egingo duen mobilizazioetan. Nafarroaren kasuan, Auzitegi Gorenak baimendu egin ditu EAE-ANVk gaur eguerdirako Iruñea, Berriozar eta Tafallarako deituta dituen elkarretaratzeak, debekuak epez kanpo egin zituelako Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak.
Askatasunak jakinarazi du EAE-ANVk antolatu dituen mobilizazioetan parte hartuko duela, «demokraziaren alde eta errepresio politikoaren kontra».
Legez kanpoko 278 hautetsi
Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak EAE-ANVren 124 udal zerrenda utzi zituen legez kanpo, Araban (20), Bizkaian (60), Gipuzkoan (26) eta Nafarroan (18). 124 herri horietan, EAE-ANVren zerrendak legezko izanez gero 300 hautetsi inguru lortuko zituen. Boto baliogabea kontuan hartuz gero, EAE-ANVri beste 278 zinegotzi gehiago dagozkio (24 Araban, 126 Bizkaian, 102 Gipuzkoan eta 26 Nafarroan).Zifra erreferentzia bat baino ez da. Batetik, baliogabe guztiak ez direlako EAE-ANVrenak. Boto baliogabe teknikoa ez da erabat desagertzen. Zaldibian, adibidez, kontaketa berezia egin zuten, eta 442 baliogabeetatik 435 egokitu zitzazkion EAE-ANVri (Aralarrek lortutako kopuru bera). Bestetik, zerrenda horiek legalak izan balira, litekeena da emaitzak baliogabeen kopuruaren gainetik izatea.
Legez kanpo egoteagatik, 124 herri horietan EAE-ANVk lortzen ez dituen hautetsiak ia alderdi guztien artean banantzen dira. Baina ez proportzio berean. Boto baliogabea kontuan hartutako kalkuluen arabera, EAE-ANVri legozkiokeen 278 hautetsi horietatik, 118 EAJrentzat izan dira, 35 PPrentzat, 31, EArentzat, 29 PSE-EErentzat, 27 zerrenda independenteentzat, 18 EB-Aralarrentzat, 14 Nafarroa Bairentzat, 7 Aralarrentzat eta 2 UPNrentzat. Aralarrek eta Nafarroa Baik kargu horietatik batzuk ez dituztela hartuko iragarri dute.
Udal hauteskundeetan Hegoaldean EAJk lortu ditu boto eta zinegotzi gehien. Dena den, kontuan hartu behar da Nafarroan herri askotako zerrenda indepenteak UPNren ingurukoak direla.