GAURKOA. MIKEL MARTINEN AURKAKO ERASOA. Militarren «izua»

Mikel Martinen kontrako erasoari buruzko epaiketa hasi da Donostian. Akusatutako lau soldaduetako batek aitortu du «bi kolpe» jo zizkiola, baina «jendea jazarka» zutelako ihes egin zutela.

mikel rodriguez
Donostia
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Mikel Martin EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduko eta Zutik-eko militantea Donostian jipoitu zutenetik bortz urte baino gehiago igaro direnean ekin diote epaiketari, Gipuzkoako hiriburuko auzitegian.Espainiako lau militar daude akusatuta, eta haietako batek onartu du «bi kolpe» eman zizkiola Martini, «irainka» hurbildu zitzaiolako. Gainerakoek, eraso ziotenik ukatu, eta gertaeren tokitik ihes egin zutela azaldu dute, jendea «jazarka» hasi zitzaielako. Arrats hartan «izututa» zeudela diote laurek. Jipoiaren ondorioz, Martinek 137 egun behar izan zituen zauriak erabat osatzeko. Epaiketak heldu den astelehenean jarraituko du, hilaren 11n, perituen eta lekukoen deklarazioekin.

Erasoa 2005eko urtarrilaren 13an gertatu zen. Akusazio partikularrak eta EHGAMek eta Zutik-ek osatutako herri akusazioak hiru urteko kartzela zigorra eskatu dute militarretako birentzat, eta bertze bientzat 7.200 euroko isuna. Horrez gain, 18.000 euroko kalteordaina eskatu dute. Fiskaltzak, berriz, urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du birentzat, eta 4.200 euroko isuna bertzeentzat. Martini 6.000 euroko kalte-ordaina emateko ere eskatu du. Azkenik, defentsako abokatuak kasua artxibatzeko eskatu du, baina epaileak ez du onartu defentsaren eskaria.

Lau militarrek Martin jipoitu zutela ukatu dute epaiketan. Arrats hartan Kontxa ondoko Molly Malone tabernan zeudela kontatu dute, eta haien aurkako «giro txarra» zegoela. «Poliziak edo militarrak ginela jakin zuten». Haien bertsioaren arabera, taberna uztea erabaki zuten, eta kaletik zihoazela gizonezko bat hurbildu zitzaiengibeletik, «irainka eta ETAren alde oihuka». Akusatuetako batek, Cristian Riverak, onartu du Martini «ukabilkada bat eta muturreko bat» jo zizkiola, baina ukatu egin du hark konortea galdu zuela eta odola zeriola. Martinek garezurrean eta aurpegian kolpeak zeuzkan, goiko ezpainean zauria, peronearen buruaren zati bat erauzita eta haustura bat ezker belaunean. Akusatuek orain diote ez dakitela zauri horiek nolatan egin zituen.

Martinekin topo egin ondoren pairatutako «izua» azaldu dute militarrek. «Jendea atera zen bazter guztietatik». Akusatuetako batek dio «borrokak» zirela. Baieztapen hori zertan oinarritzen duen galdetu dio akusazioaren abokatu batek. «Arropan», erantzun dio militarrak. «Eta nola janzten dira borrokak?», galdetu dio abokatuak. «Mendiko botak, kirola egiteko galtzak, ile luzea, belarritakoak...», deskribatu dio akusatuak.

«Jendetza» hartatik taxian ihes egin zutela azaldu duteakusatuek, eta ondoren binaka banatu zirela. Udaltzaingoak Rivera eta Alberto Luengo soldaduak atxilotu zituen arrats hartan, eta gainerako biak biharamunean.

Martin: «Ez naiz orduko pertsona bera»

Biktimaren kontakizuna hagitz bertzelakoa izan da. Martinen arabera, Urbieta kaletik oinez zihoala lagun talde bat ikusi zuen kontrako norabidean, zarata sortzen eta «ez oso jarrera abegikorrean». Jarraian, haietako bat, kalea gurutzatu, eta gainera etorri zitzaion. Luengo izan zela adierazi du Martinek, eta «ziur ETAren alde dagoen horietako bat zarela» erran ziola. Jarraian, bigarren bat hurbildu -Rivera seinalatu du-, eta «Ibarretxe Planaren aldekoa» zela erran zion. Jarraian, ostiko bat eman zioten, eta ihesean hasi zen, Askatasunaren etorbidera bidean. Martinek kontatu du handik gutxira harrapatu zutela eta «lagun batek baino gehiagok» jipoitu zutela. «Ondoren, ebakuntza gela batean esnatu nintzen».

Erasoa zergatik egin zioten galdetuta, erantzun argirik ez du Martinek. «Gay ekintzaile gisa ezagutu ninduten agian, baina egin zidaten galdeketan euskaldun itxura ikusiko zidaten». Erasoaren ondorioz, tratamendu psikologikoa behar izan du Martinek, baina senda-agiria jaso arren erran du ez dela «orduko pertsona bera». «Fidakorra nintzen, ez nion inorren itxurari erreparatzen, eta orain hiru aldiz pentsatzen dut». Defentsaren lekuko baten testigantzarekin bukatu da saioa.



Nondik norakoak

Erasoa. 2005eko urtarrilaren 13an Donostiako Urbieta kalean jipoitu zuten Mikel Martin. Konortea galdu zuen, eta 137 egun behar izan zituen zauriak osatzeko.

Biktima. Mikel Martin (Donostia, 1954) EHGAMeko eta Zutik-eko militantea da.

Lau akusatuak. Espainiako armadako militarrak dira-haietako bi egun ez daude armadan-.

Zigor eskaerak. Akusazioek hiru urteko kartzela zigorra eskatu dute bi militarrentzat, eta Fiskaltzak urte eta erdikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.