«Ezagutzen zuen afera bati buruzko galdera zehatzak pausatzera joan garela azaldu diogu prefetaren kabineteburuari», adierazi du Nakachek bilkuratik atera orduko. Duten sentimendua adierazteko bi hitz daudela azaldu du, «egonezina eta arrangura». Parisko Giza Eskubideen Ligak gutun bat idatzi zion joan den ekainean Michelle Alliot Marieri, Frantziako Justizia ministroari. Haren ardurapean daude Tolosako prokuradorea eta Anne Kayanakis Baionakoa. Argitu beharrean, gero eta gehiago dira Anzaren desagertzeari eta heriotzari buruzko galderak. Kayanakisek zuen erantzunen ardura, baina batetik ez zuen ikerketarik egin Tolosan. Horrela jakinarazi zuten Tolosako prokuradore batek eta Purpan erietxeko arduradunek. Bertze alde batetik, Alliot Mariek ez dio eskariari ihardetsi. Urriaren hastapenean beste eskari bat helarazi zioten, baina lehenak bezala, ez du erantzunik ukan. Eskaria zuzenean prefetari emanez Justizia ministroa erantzun beharrean dagoela nabarmendu dute. Prefetaren kabineteburuak ez du adierazpenik egin. Ordezkaritza hartu du, eta eskaria helaraziko duela bermatu die. Erantzunik ez.
Isiltasunaren hesia urratzeko borondatea dutela adierazi du Vabrek. Ez da ohikoa Frantziako alderdiek bat egitea zuzenean beraiei ez dagokien gai batean. Egia lortu arte, Anza taldea osatu, handitu eta indartuko dutela jakinarazi du kolektiboaren izenean. Ekimenean ez da Espainiako hedabiderik egon, baina bildutakoen zerrenda ikustea aski da ulertzeko oihartzun sakona ukan duela Tolosan. Euskal Herriko kazetariak ez ezik, France Inter, Libération, Toulouse Info TV, Depeche du Midi, AFP, TLT eta FR3 telebista egon dira.
«Estatuak erantzukizun zuzena dauka, garrantzitsua; gardentasuna eta egia zor die herritarrei, eta orain arteko jarrera ilunarekin eragin dituen zalantza eta kezkei argibidea eman behar die», esan du Vabrek. Alliot Mariek aspalditik erantzunak zor dituela eta egia osoa jakin arte ez direla geldituko berretsi dute.
Ez dute nehoren kontrako salaketa zuzenik egin. Alta, Euskal Herriak pairatzen duen egoera eta izandako gertakari ilunak nabarmendu dituzte. Bai GALen garaikoak, bai berrikitan izandakoak. Juan Mari Mujikaren bahiketa aipatu dute argiki. Ez dela kasu bakarra azaldu dute. Aurrekariak zehaztu dituzte: bahiketak, desagertzeak eta, gibelera eginez, heriotzak.
Egia helburu
Bederen egia lortzeko borondatea adieraz dezala eskatzen diote Alliot Marieri. Kolektibokoen iritziz, begi bistakoak dira inkestako utzikeriak, hutsuneak. Haien ezpainek oraindik ahoskatu nahi ez duten bertze zerbait egon daitekeela diote. Mamuak uxatzeko borondatea eskatzen dute. Horrela ez balitz, Estatuaren esku-hartze zuzena egon dela ondorioztatuko dute. Euskal Herritik den aldarria Pariseraino heldu zen udan, eta udazkenerako Tolosan dago berriz. Parisko eta Tolosako erakundeak, mutu,ordea.