Ibilgailuentzat ireki aurretik, goizean inaugurazio ofiziala izan zen. Bertan parte hartu zuten, besteen artean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Borja Jauregiko Bidegiko zuzendari nagusiak eta Eneko Goia Azpiegitura diputatuak. Gipuzkoarentzat errepide «estrategikoa» dela gogorarazi zuten. «Gipuzkoa hobeto komunikatuta egongo da, eta lehiakorragoa izango da ekonomikoki eta sozialki».
Aldundia «gogotsu» zegoen errepidea zabaltzeko, hala aurreikusi baino ordubete lehenago zabaldu zuten: 16:00etan. Errepide berriak 16,7 kilometro ditu -horietatik 14,5 mendi azpitik igarotzen dira- eta ondorengo herrietatik igarotzen da: Errenteria, Astigarraga, Hernani, Donostia, Lasarte-Oria eta Usurbil. Hamasei zubibide eta eusteko 24 horma ditu, etaloturak ditu AP-8arekin, N-1 autobidearekineta Urumeako autobidearekin.
Lanetan 4.000 langilek bainogehiagok hartu dute parte, eta kostua 350 milioi eurokoa izan da: 20 milioi euro inguru kilometroko. AP-1aren atzetik, Gipuzkoan eraiki den errepide garestiena. AP-1ak 24 milioi euroko kostua izan zuen kilometroko Gipuzkoako zatian.
Errepide berriak garestitu egingo du A-8tik igarotzeagatik ordaindu beharreko bidesaria. Uztailaren 1etik aurrera egun baino 0,37 euro zentimo gehiago ordaindu beharko dute autoek, 0,63 lehen kategoriako kamioiek eta 0,74 bigarren kategoriakoek. ViaT sistema erabiltzen dutenei ez zaie igoera hori aplikatu, joan-etorria 24 orduren buruan egiten badute eta leku beretik sartzen eta irteten badira. Bidesariaren gaiak eztabaida sortu du, eta kontsumitzaileen elkarteek eta hainbat alderdik salatu egin dute igoera hori.
Igoera hori salatu dutenetako bat Aralar da. Rebeka Ubera batzarkidearen ustez, halako azpiegiturak «ez dira iraunkorrak». «Finantzatu ahal izateko, bidesari bat ezarri dute. Dekretu bidez egin dute, gainera». Bidesari horiek «bidegabeak eta baztertzaileak» dira, Uberaren arabera.
Donostiako bigarren ingurabidearen gisako errepideak mugikortasun eredu «zaharkitu eta xahutzaile» baten adibide dira, Eguzkiren ustez. «Aski ezagunak diren lau eraikuntza enpresaren irabaziak handitzeko baino ez du balio izan lan honek». Ingurumenean ere kalteak eragin dituela salatu du Eguzkik.
Zenbait datu.
Lanen hasiera. 2006ko irailaren 26an jarri zuten lehenbiziko harria.Inaugurazioa: Aurreko igandean oinezkoek eta txirrindulariek bertan osteratxoa egiteko aukera izan zuten. Atzo, berriz, ibilgailuentzat ireki zuten.
Bidesariak. Uztailaren 1etikgarestiagoa izango da A-8tik ibiltzea. Hauek dira prezioak autoentzat: Irunen 1,36 euro, Oiartzunen 0,98 euro, Orion 1,33 euro eta Zarautzen 1,70 euro.