Ertzaintzak eta Itsas Salbamenduko zerbitzuek goizeko sei eta erdietan jaso dute Bizkaiko itsasertzean arrantzontzi bat arazotan legokeela ohartarazten zuen abisua. Bilaketa lanei ekin diete segituan, eta goizeko bederatzietan aurkitu dute Santoñako Nuevo Pilin ontzia, Luzero lurmuturretik hamar ba miliatara, tirabira egin ondoren hondoratuta.
Frantziako uretan arrantzan aritu ostean, Santoñara bueltan zihoan ontzia, eta bost marinel barruan. Hori dela eta, Nuevo Pilin topatu ondoren, arrantzaleak bilatzeari ekin diote Ertzaintzak, Itsas Salbamenduko kideek, Santoñatik joandako arrantzontziek eta Espainiako Armadako ontzi batek. Helikopteroak, ontziak eta urpekariak ari dira erabiltzen.
Hala, goizeko hamaika eta erdiak aldera bi marinelen gorpuak aurkitu dituzte: 49 urteko J.L.F.S.rena eta 45 urteko J.L.V.rena.Bi arrantzale horien hilotzak dagoeneko Santoñan dira.
Ordu batzuk beranduago beste marinel baten gorpua aurkitu dute Ertzaintzako Brigada Mugikorreko urpekariek, ontziaren kabinan. Ateratzen saiatu dira, baina ez dute lortu. Izan ere, kristalak hautsiz gero ontzia urez bete eta hondoratu egingo litzateke, eta besteen erreskatea zailduko luke.
Kantabriako Gobernuko iturriek agertu dutenez, azken bi arrantzale horiek bizirik aurkitzeko itxaropena ez dute galdu. Izan ere, ontziak tirabira egitean aire burbuila sortuko zela uste dute, eta litekeena dela marinel biak burbuila horretan babestuta egotea. Nolanahi ere, itxaropen hori gero eta murritzagoa da.
Istripuaren arrazoiak argitzeke
Istripua eragin duten arrazoiei dagokienez, oraindik argitzeke daude. Arrantzontzia berria zen (2001ekoa) eta agiri zein baimen guztiak behar bezala zituen. Itsasoa zakarra zegoen, baina ez sasoi honetan normalean baino okerrago. Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzaren arabera, litekeena da ur gainean zebilen edukiontziren bat jo eta talkaren ondorioz hondoratzea arrantzontzia.
Hondoratzea Bizkaiko itsasertzean
Gaurkoz eten dituzte 'Nuevo Pilin'-eko marinelak erreskatatzeko lanak
Arratsaldeko bostak pasatxo zirela eten dituzte gaur goizaldean Bizkaiko itsasertzean hondoratu den 'Nuevo Pilin' ontziko marinelak erreskatatzeko lanak. Hala ere, bihar goizean ahaleginean jarraituko dute. Santoñakoa (Kantabria, Espainia) da tirabira egin duen arrantzontzia, eta bost marinel zihoazen barruan. Hiru aurkitu dituzte jada; hirurak hilotz. Biren gorpuak erreskatatu dituzte eta Santoñan dira dagoeneko. Hirugarrena ontzitik ateratzea ez dute lortu. Beste biak bizirik aurkitzeko itxaropena gero eta txikiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu