Hilaren 20an hamar urte beteko dira Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak euskarazko egunkaria itxi zuenetik. Urteurrena gogoratzeko, BERRIAk, paperean eta webgunean, erreportaje sorta bat argitaratuko du gaurtik aurrera, gaia hainbat ikuspegitatik landuz eta iritziak ekarriz. Egunero bideo bat izango da ikusgai BERRIA.INFOn.
Guardia Zibilak 2003ko otsailean itxi zuen Euskaldunon Egunkaria. Hamar lagun atxilotu zituen polizia operazioan, kazeta ETArekin lotuz. Auzitegi Nazionalak berak, ordea, absolbitu egin zituen 2010ean auzipetu guztiak, eta Egunkaria ixteko arrazoirik ez zegoela ebatzi zuen.
Gaurtik aurrera, BERRIAk gertakari horiek gogoratuko ditu erreportaje sorta berezi batean. Horietan hainbat pertsona ezagunen eta Egunkaria-ko langile ohien iritziak bilduko ditu. BerriaTBk, gainera, egunero bideo bat jarriko du sarean, orduko kontuak eta epaiketakoak gogora ekartzeko.
Berriketan.info sare sozialean, gainera, atal berezi bat izango da itxieraren ingurukoak jasotzeko, nahi dutenek orduko horretan non zeuden azaldu eta Egunkaria-z dituzten oroitzapenak banatzeko. Twitterren #Egunkaria10urtehashtag-a erabiliko du BERRIAk gaiarekin lotuta dauden tuitak biltzeko.