Udalbiltza

Gauza konkretuetan nazio eta herri ikuspegiari eusteko lan egingo du Udalbiltzak

"Euskal herria Euskal Herriago izan dadin" Udalbiltza beharrezkoa dela ohartarazi du Luis Intxauspe lehendakariak. Hernanin egin dute gaur Bagabiltza prozesuaren amaierako batzarra.

Luis Intxauspe Udlbiltzako lehendakaria, Hernanin eginiko batzar nagusian. IDOIA ZABALETA (ARGAZKI PRESS)
2017ko azaroaren 18a
22:27
Entzun

Udalbiltza "erabilgarria eta funtzionala" nahi dutela azaldu zuten batzarraren berri eman zutenean, eta halaxe egiten saiatu dira. "Euskal Herria eraiki eta kohesionatzeko baliagarria, egunerokotasunean lagundu eta gauza konkretuetan nazio eta herri ikuspegiaren lanketan lagunduko duena".

Elkartasun sare zabala osatzeko konpromisoa hartu dute, eta lan ildoak zehaztu dituzte: hautetsien eta eragileen saretze dinamikak martxan jartzea, Ikerbiltza eta Hurbiltzen egitasmoetan sakontzea, Esperientzia Bankua bultzatzea, eta EHNA berrindartzea gaur egungo egoerara egokituta.

Batzorde Eragilea ere berritu dute gaurko batzarrean. Luis Intxauspe (Hernaniko alkatea) izendatu dute, berriz ere, lehendakari, eta Maite Iturre (Baztango zinegotzia) lehendakariorde. Bi horiez gain, honako hauek izango dira Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide:

Nekane Garaigordobil (Legutioko alkatea)

Jon Arriola (Berriatuako alkatea)

Izaskun Guarrotxena (Bilboko zinegotzia)

Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea)

Haizea Isasa-Mendez (Gamarteko zinegotzia)

Patricia Perales (Iruñeko zinegotzia)

Oihan Mendo (Garesko alkatea)

Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea)

Alaitz Aizpurua (Usurbilgo zinegotzia)

Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia)

Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia).

Hernaniko Orona Ideon elkartu dira batzarrean 130 hautetsi inguru. Bagabiltza prozesuan 600 lagunek parte hartu dute herriz herri, udaberrian hasita, eta gaur egin dute amaierako ekitaldia. Intxauspek azaldu du Udalbiltzak egiten duena ez duela beste admnistraziok egiten, eta, horregatik, Udalbiltza tresna izan litekeela administrazizoen arteko politika bateratuak egiteko.

"Zubiak eraikitzeko tresna"

Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek esan du erakundea “behar beharrezkoa” dela “Euskal Herrian kohesioan sakontzeko eta lurralde politika nazionala egiteko, Euskal herria Euskal Herriago izan dadin”. Intxauspek azaldu du Udalbiltzak egiten duena ez duela beste admnistraziorik egiten, eta erakundeak “tresna” egokia izan daitekeela administrazioen arteko “politika bateratuak” egiteko.

Bere hitzartzean Intxauspek nabarmendu du administrazioen artean "zubiak eraikitzen" jarraituko dutela eta dituzten harremanetan sakontzen, "helburua baita Euskal Herri mailako lurralde politikak bultzatzeko sinergiak sortzea".

Euskal Herria eta Katalunia

“2017an beste aire bat arnasten ari gara”, adierazi du Intxauspek. Euskal Herrian, Nafarroan izandako gobernu azpimarratu du, eta Ipar Euskal Herriari buruz, Euskal Elkargoa sortu izana. Bi kasuetan, ezberdinen arteko elkarlana posible dela erakusten ari direla adierazi du.

Intxausperen ustez, osagaiak badaude etorkizunari “esperantzaz” begiratzeko. “Laino beltzak ere bai. Galdetu, bestela, kataluniar herriari”, esan du Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua aplikatuz hango autogobernua bere gain hartu izanaz.

Kataluniaz, baina, hango eragileen arteko elkarlana eta “herri logika” goraipatu ditu, eta esan du Udalbiltzarentzat eredu ona dela hori. “Herri logika gailentzen den heinean, guztiok norabide berean goazen heinean, guztiok irabaziko dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.