GIZARTEA

Gay eta lesbianen ezkontzaren eta adopzio eskubidearen alde manifestatuko dira Baionan

Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko Kolektiboak luzatu du mobilizaziorako deia, urtarrilaren 26rako. Nahiz eta gay eta lesbianentzako ezkontza eta adopzioa ekarriko duen legea onartuko dela sinisten duten, mobilizazioren beharra azpimarratu dute. 

2013ko urtarrilaren 16a
17:13
Entzun

Datorren urtarrilaren 26an, Baionako “berdintasunaren aldeko" manifestazioan parte hartzera deitu du, gaur arratsaldean, Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko Kolektiboak.

Kolektiboa joan den azaroan sortu zen Marc Aillet Baionako apezpikuak antolatu Biziaren aldeko foroaren kontra. Gaur egun, mobilizatuta segitzen du homosexualen arteko ezkontza eta adopzio eskubidearen alde.

“Baikor baina mobilizatuak”

Kolektiboa osatzen duten taldeak “baikor” azaldu dira, uste dutelako lege proiektua onartua izanen dela. Hala ere, “mobilizatzen jarraitu” behar dela esan dute, azken asteetan “adierazpen okaztagarri eta diskriminatzaile gero eta gehiago” izan direlako hedabideetan, bereziki joan den igandean Parisen, legearen aurkako manifestaldian.

Medikuntza bidez lagundu haur sortzearen alde

Halaber, kolektiboak salatu du gobernuak medikuntza bidez lagundu haur sortzea lege proiektutik atera izana. Gobernuak legearen alde hori legea errazago onartua izan dadin kendu badu ere, eta geroago berriro aurkeztuko duela adierazi badu ere, “mobilizatuak geratu behar” dela azaldu dute.  Berdintasuna ez dela “zatitzen”, eta lege hori homosexual zein heterosexualendako eskatzen dutela gehitu dute.

Urtarrilaren 29tik goiti hasiko dira Frantziar estatuko parlamentuan sexu berekoen arteko ezkontzaren legeari buruz eztabaidatzen. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.