ekialde hurbila

Gazako bonbardaketa dela-eta mendekua iragarri du Hamasek

Palestinar ugari atera da kalera atzo Gazako hondartzan izandako sarraskia salatzera eta 15 hildakoen hiletetan parte hartzera. Giroa erabat nahasten ari da, eta Hamasek "erantzun bakarra baina gogorra" iragarri du. Israelen "lurrikara berriz hasiko" dela esan du. Urte eta erdiko su-etena bertan behera utzi du. Hamasek Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen erreferendum planari boikota egingo diola ere esan du. Uztailaren 27an ezarri du Habbasek erreferendum deialdia.

2006ko ekainaren 10a
18:54
Entzun
Atzo Israelgo Armadak Gazako hondartza batean itsasoz eta airez egindako bonbardaketak 15 hildako eragin ditu jada, eta litekeena da datozen orduetan gehiago izatea, 40 zauritu baitaude, horietako batzuk oso larri. Ume asko dira hildakoen artean, eta senide bereko sei kide.

Sarraskiak sortu duen amorrua kalean nabari da une honetan, eta milaka lagun atera dira kalera protesta egitera. Bart gauean Hamasek bederatzi kohete bota ditu gutxienez, baina ez du hildakorik ez kalte materialik eragin. Hala ere, Israelgo hiriak kontuz ibil daitezela esan du. "Erantzun bakarra baina gogorra" izango dela mehatxu egin du.

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko Presidenteak, berriz, erasoa gaitzetsi eta Nazio Batuen Erakundeari eskatu dio esku har dezala Israelen erasoak amai daitezen. Bien bitartean, gaur bertan adierazi du Presoen inguruko Dokumentuaren erreferenduma uztailaren 27an izango dela, eta Hamasek erantzun dio baztertu egiten duela deialdia, "eta mugimenduak boikota egiteko ekitaldiak" iragarri ditu.Hamasen erabakiarekin, islamisten eta ezkertiarren boikota ere jasoko du erreferendumak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.