Un bateau français pour Gaza (Gazarentzako ontzi frantses bat) taldeak adierazi duenez, Gazarako flotillako ontzi frantsesak greziako uretatik ateratzea lortu du gaur gauean. Nazioarteko uretan dago orain, Gazako lur zerrendara bidean.
Jean-Claude Lefort kanpainako bozeramaileak adierazi duenez, Dignite Al-Karama ontzia da flotilla osoan Greziako urak uztea lortu duen bakarra. Ontzia ez zegoen Piredoko portuan gainontzekoekin batera, beste leku batean zegoen, horregatik lortu dute greziako kostazainak engainatzea.
Dignite Al-Karama 19 metroko ontzia da eta bederatzi lagun doaz bertan; flotillako gainontzeko ontziek ez bezala, ez zuen izena eman Greziako autoritateen aurrean. Lefort-ek azaldu du ontzia erregaiz eta elikagaiez betetzea lortu dutela eta Gazarantz doala. Antolatzaileek Frantziako Kanpo ministeritzari babesa eskatuko diote; bilera horren emaitzen arabera ontziko bidaiarien beren asmoak ezagutaraziko dituzte.
Enbaxadaren okupazioa eta flotillaren itzulera
Gernika ontziko hainbat kide Atenasen dagoen Espainiar enbaxadara sartu dira, Greziak ontziari ezarritako debekua salatzeko. Ekintzaileek Espainiar gobernuak gai honekiko hartu duen jarrera gaitzetsi dute. Palestinako bandera jarri dute enbaxadan.
Edorta Jimenez Gernika ontziko kideak azaldu duenez, Gernikak ez du Gazarako bidearekin jarraituko. Beraien asmoa, orain, Espainiara itzuli eta lanarekin bertatik jarraitzea da.