Bigarren aldiz irabazi du Jesus Ansola gaztagileak (Elgoibar, Gipuzkoa) gaur Ordiziako (Gipuzkoa) lehiaketako saria. Eta, hain zuzen, gazta erdiaren enkantean 6.400 euro ordaindu ditu Divinus Donostiako katering enpresak, Joaquin Arratibel jabearen bidez. Iaz Idiazabalgo (Gipuzkoa) Aranburu elkartean egindako gazta atera zen garaile, eta orduan gaur baino 200 euro gutxiago ordaindu zituzten gazta erdiagatik.
2005ean irabazi zuen aurreko txapelketa Ansolak Ordizian. Aurreko astean, Legazpiko (Gipuzkoa) Artzain Egunean Gipuzkoako Gazta Txapelketa eskuratu zuen. Mausitxa baserrikoa Ansola.
Latxa ardiaren esnearekin eskuz egindako gazta lehiaketan parte hartzeko 60 artzainek baino gehiagok eman dute izena. 34. lehiaketa izan da aurtengoa, eta Beti-Alai pilotalekuan ospatu dute. Juan Mari Arzak sukaldaria izan da epaimahaiko lehendakaria, eta haren ondoan hainbat sukaldari, gastronomia aditu eta kazetari eseri dira. Bide batez, euskal presoen eskubideen alde aritu dira hainbat lagun.
Jendetza bildu da gaur Ordiziako azokan, urtero bezala. Barazki, fruitu eta ganadu lehiaketak ere izan dira.
Arratsaldean kirola izango da nagusi. Lehen eta bigarren mailako pilotari profesionalen partidak izango dira pilotalekuan: Olaizola II.a-Begino / Bengoetxea VI.a-Beloki partida nagusian. Barandiaran plazan, berriz, Urrezko Aizkora ligako saioa jokatuko dute.
Argazkian, gazta lehiaketako irabazleak gaur, Ordizian; Jesus Ansola bera, eskubian. (Goierriko Hitza)
Jaiak
Gazta erdia, 6.400 eurotan Ordizian
Jesus Ansolak irabazi du lehiaketa, eta Divinus Donostiako katering enpresak erosi du enkantean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu