Ertzaintzak 16 urteko mutiko bati leporatu dio atzo goizaldean Santurtzin txabola baten barruan erreta hil ziren bi neska gazteen heriotza. Horrez gainera, beste gazte bati zauri larriak eragin izana ere egotzi diote mutilari. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak atzo bertan jakitera eman zuenez, gurasoen etxean atxilotu zuten gaztea, Santurtzin bertan, jazoera larria gertatu eta handik ordu gutxira, 07:30 aldera.
Emandako azalpenen arabera, dirudienez, lau gazte horiek beste zenbait egunetan bezala, txabolaren barruan zeuden gaua pasatzen. Euren arteko eztabaida gogor baten ostean, haietako batek su eman zion sofa bati, kanpora atera eta sofa atean ipini zuen barruan ziren gainerakoei irteera galarazteko. Arinagoko eztabaida zerk eragin ote zuen bertan zeudenek beste inork ez daki oraingoz.Ustezko erasotzailea bera bezala, hildako neska biak adingabeak ziren 16 urte batek eta 17 besteak, eta larri zauritutako mutila, berriz, nagusiagoa.
Oinez sutearen lekuraino
Ertzainek azaldu dutenez, 03:00ak aldera piztu zen sua Bullon kaleko landa eremuko txabolan. Itxura denez, oso zaila egin zitzaien suhiltzaileei eta anbulantziakoei txabola zegoen lekuraino iristea, eta oinez joan behar izan zuten haraino, kostata. Suhiltzaileak iritsi zirenerako, txabolaren barruan zeuden bi neskak erabat kiskalita zeuden eta ezin izan zituzten lagundu.
Juan Maria Aburto Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak agerraldia egin zuen eguerdi aldean, ezbeharraren gainean zituen datuak jakinarazteko. Aburtok azaldu zuenez, hildako nesketako bat Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapean zegoen; «eta duela hilabete bi ihes egin zuen harrera-etxe batetik». Ihes egin eta berehala salaketa jarri omen zuen Aldundiak Herrizaingo Sailean eta bilaketa lanak hasi ziren, baina ez zuten neska aurkitu. Aburtok argitu zuen beste neska ez zegoela beren ardurapean.
Hildakoen izenik ez zabaldu
Diputatuak dei zuzena egin zien aurrean zituen komunikabideetako langileei hildako neska bien nortasuna ez zabaltzeko. «Izenik ez zabaldu, ezbehar larriari buruzko edozein espekulazio saihesteko», eman zuen aditzera.
Berriak jakin izan duenaren arabera, dena den, neskak eta berarekin Bilboko Kristo kaleko Sagrada Familia eskolan zegoen ahizpa bikiak ez zuten ihes egin, beren aita biologikoa izan zen eskolara joan eta handik inoren baimen barik atera zituena.Foru Jauregian egindako agerraldi horretan, Juan Mari Aburtok txabolen arazoaz ere berba egin nahi izan zuen. Gizarte Ekintzako diputatuaren berbetan, gaur egun, oso txabola gutxi dago herrialdean, batez ere udalerrietako agintariek eta Foru Aldundiak berak etxe barik dauden herritarren beharrizanak asetzeko ipinitako azpiegitura eta zerbitzuei esker.