Jende asko batu da gaur eguerdian Donostiako Bulebarrean, Donostiako gazte auzipetuek han egin duten agerraldian. Gazteek eskubideen errespetuaz arduratzen den orori mobilizatzeko deia egin diete: "Denon ardura da". Gainera, konpromisoa eskatu diete herritarrei: "Herri harresia eraikitzeko konpromiso maila guztiak beharrezkoak izango dira".
Epaiaren ale bat apurtu dute agerraldian, hura ez dutela onartzen irudikatzeko: "Ez dugu onartzen epai hau. Kostako zaie gu eramatea".
Atzo arratsaldean jendetza elkartu zen, gazteei babesa adierazi eta epaiaren aurka protesta egiteko. Datorren larunbaterako, ordea, beste manifestazio bat antolatu dute: 17:00etan izango da, Donostian. Horrez gain, Bulebarrean jarri duten Aske Gunea aurkeztu dute, zigortuei babesa emateko gune iraunkorra izango dena.
Elkartasun gunean pasatuko dute eguna gazteek, egunero 09:00etatik 20:00etara. Elkartasuna eta babesa emango die jendeak. Handik etxera joateko bidean lagunduko dituzte. "Desobedientzia zibila, erresistentzia pasiboa... muga horien barruan gazteak babestu behar diugu”.
Zazpi absolbitu eta zortzi espetxera
Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako hamabost gazte auzipetuetatik zortzi zigortu zituen: Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdiri ezarritako zigorra berretsi zuen atzo. Beste zazpiak, aldiz, absolbitu egin ditu: Ekaitz Ibero, Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi.