Epaiketa hasierako jarrerari eutsi dio Espainako Auzitegi Nazionaleko fiskalak 26/11 gazte mugimenduaren aurkako auzian, eta berrogei inputatuentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du. Akusazioak —Dignidad y Justicia elkarteak— hamar eta hamabi urte bitarteko zigor eskaerak egin ditu, eta auzipetu guztientzat absoluzioa galdegin du defentsako abokatuak.
Iazko urriaren 14an ekin zioten epaiketari. Bertan, militantzia politikoa aldarrikatu, eta torturak salatu dituzte auzipetuek. 2009ko azaroaren 24ko sarekadan atxilotu zituzten gehienak —Lapurdin, Madrilen epaile aurrera deklaratzera joanda, eta Erroman gainontzekoak—, eta seina urteko espetxera zigortzeko eskatu du fiskalak, 2007an Segi "erakunde terrorista" izendatu zutela eta. Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoia Iragorri ez ziren epaiketara aurkeztu.