Atarrabiako udalaren baimenarekin torturaren aurkako mural bat egiteko bildu dira herrian 30 lagun inguru. Ahotsa.info atariak zabaldu duenez, hasieratik egon da bertan Espainiako Polizia. Murala amaitu arte, ordea, ez du esku hartu. Orduan, Poliziaren bi ibilgailu gerturatu dira eta bertan bildutakoak identifikatu ditu, tartean EH Bilduko hainbat zinegotzi. Atariaren arabera, gazte batek aldamiora igota jarraitzen zuen, eta Poliziak indarrez jaitsarazi du. Azkenean, atxilo eraman dute murala egin duenetako bat.
Horma irudian tortura hitza ageri da marra bat gainean duela, eta aldamenean aztnugal irakur daiteke. Atarrabiako EH Bilduk gogor gaitzetsi du Poliziaren jokabidea.
Ez da lehen aldia halako zerbait gertatzen dela. Apirilean, zortzi lagun atxilotu zituzten Espainiako segrtasun indarrak iraintzea leporatuta. Orduan ere pareta batean #aztnugal tortura salaketa margotzeagatik atxilotu dituzte. Burlatan gertatu zen. Haren ondotik etorritako salaketei erantzun zien Espainiako jarduneko Barne ministroak: "Ez dago zigorgabetasun espaziorik segurtasun indarrak iraintzen dituenarentzat. Espainian ez da inor torturatzen".