Gazte bat bortxatzen saiatu eta jipoitu egin dute Oiartzungo festetan
20 urteko mutil gazte bat bortxatzen ahalegindu eta jipoitu egin dute Oiartzunen, xanistebanetan gertatutako sexu erasoan. Erasoa herenegun eguerdian gertatu zen, eta Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du, bortxaketa saiakera egotzita. Oiartzungo alkate Aiora Perez de San Romanek azaldu du erasoa gazteen lokal partikular batean gertatu zela. Barruan zegoen mutila bortxatzen saiatu zen pertsona bat, eta, lortu ez zuenez, jipoitu egin zuen. Erasoaren ondorioz, biktimak hainbat zauri izan zituen, eta ospitalean artatu behar izan zuten. Dagoeneko etxean dagoela baieztatu du herriko alkateak. Udalak elkarretaratzea antolatu du gaur eguerdiko 14:00etarako Doneztebe plazan. Erasoa jasan duenari elkartasuna azalduko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu