Lau gazte hil dira Tuteran (Nafarroa) auto istripu batean. Ibilgailua ubide batera erori da, eta 22 urteko gidaria eta hiru adingabe zendu dira, itota, 13, 12 eta 10 urtekoak. Adingabeetako bi anaiak ziren. Senideek adierazi dutenez, futbol partida bat elkarrekin ikusi ondoren, gasolindegi batera zihoazen gazteak, mokadu bat jatera.
Ezbeharra gauerdian gertatu da, 23:45 aldera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez; lau gazteak zihoazen autoa lau metroko ubide batera erori da. Tuterako suhiltzaileek atera dituzte hildakoak. Autoak leihoa irekita zeukan, eta beste inor uretara erori ote den ikertzen ibili dira suhiltzaileak, baina ez dute inor aurkitu. Oraingoz, ez dakite zergatik gertatu den istripua. Foruzaingoa ikertzen hasia da. Hilotzak Tuterako beilategira eraman dituzte autopsia egin ostean. Udalak hiru eguneko dolua ezarri du.
Javier Gonzalez Vazquez Tuterako Udaltzaingo eta Herrizaingo zinegotziak aurreratu duenez, "lehen informazioaren arabera, gidariaren arduragabekeriak eta gehiegizko abiadurak eragin dute istripua".