Gazte bat eta lau mutiko zendu dira Tuteran, Nafarroan, herenegun gauean gertatutako auto istripu baten ondorioz. Nagusiak 22 urte zituen, eta hark gidatzen zuen autoa; 13, 12 eta 10 urte zituzten hiru gaztetxoek. Laurak Tuteran bertan bizi ziren, eta udalak dolu ofiziala ezarri du hiru egunez, bihar gauera arte.
Herenegun gauerdi partean gertatu zen ezbeharra. Citroen Xantia markako ibilgailu urdin batean zihoazen laurak, Castejonerako norabidean. Autoa, errepidetik atera, eta ubide batera erori zen. Lau metrotik behera jausi zen uretara. Lekuko batek eman zien istripuaren berri Nafarroako larrialdi zerbitzuei, eta istripua gertatutako lekura joan ziren osasun zerbitzuak, Tuterako Udaltzaingoa eta herriko suhiltzaileen urpekari talde bat. Uretan topatu zuten autoa, iraulita. Urpekariek hiru gaztetxoen hilotzak aurkitu zituzten aurrena, autoaren atzealdean. Geroago topatu zuten gidariaren gorpua, autotik kanpo.
05:15ean, Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zituzten gorpuak, Iruñera, autopsia egiteko. Hala ezagutarazi du foru gobernuak. Erriberako hiriburuko beilatokira eraman zituzten segidan. Foruzaingoa ari da gertatutakoa ikertzen, eta Tuterako Epaitegiko 3. salara igorri dute atestatua. Halere, segurtasun zinegotzi Francisco Javier Gonzalezek atzo Radio Euskadin ziurtatu zuenez, hipotesi nagusia da «gidariaren arduragabekeria baten eta gehiegizko abiaduraren ondorioz» gertatu zela istripua. Errepidea zuzena zen, ikusten erraza, eta «egoera onean» zegoen, Gonzalezen arabera. Udaltzainek oraindik ez dutela inolako ondoriorik atera argitu du, ordea, komunikazio zinegotzi Joaquim Torrensek.
Atzoko eguna «luzea eta oso gogorra» izan zen Tuteran, herriko alkate Luis Casadoren esanetan. Adierazi duenez, albisteak «jota» utzi ditu herritarrak. Atzo goizean ezohiko bilera bat egin zuten talde politikoek, eta hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du udalak. Banderak makila erdiraino izango dituzte bihar arte udaletxean. Senideei elkartasuna azaldu die Casadok, udaleko ordezkari politiko guztien izenean: «Oso une latzak dira familiakoentzat».
Gaur egingo dituzte hileta elizkizunak 22 eta 12 urteko bi hildakoen oroimenez, Tuteran. 10 eta 13 urteko mutikoak anaiak ziren, eta hilotzak Marokora eramateko eskatu du familiak; hangoak ziren jatorriz.
Aurten, 31 hildako
Herenegun arte, 27 ziren Nafarroan aurten auto istripuz hildakoak. Tuteran gertatutako ezbeharrarekin, 31 hil dira aurten errepidean Nafarroan, eta iaz urte osoan zendutakoak baino gehiago dira aurtengo lehen zortzi hilabeteetan hildakoen kopurua; 28 izan ziren 2011n. Gutxieneko historikoa izan zen iazkoa, eta, lehen zortzi hilabeteetan, hamalau pertsona hil ziren.
Gazte bat eta hiru adingabe zendu dira Tuteran, auto istripu batean
Ibilgailua errepidetik irten eta ubide batera jausi da, lau metrotik behera; 22, 13, 12 eta 10 urte zituzten hildakoekHerrikoak ziren laurak, eta hiru eguneko dolu ofiziala ezarri du Tuterako Udalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu