EUSKAL HERRIA

Gazte batek ukabila altxatu izana froga moduan baliatu du Auzitegi Nazionalak ETArekin lotzeko

Mikel Jimenez gazteari sei urteko kartzela zigorra ezarri diote, Auzitegi Nazionalean lagunak ukabila altxatuz agurtu zituela froga moduan hartuta. "Esperientziak esaten digu agur hori, ETAko kideak ez badira, ETAren inguruko edo ETAko jarraitzaileek berezkoa dutela", dio epaiak.

2011ko urtarrilaren 14a
19:32
Entzun
Mikel Jimenez Barañaingo (Nafarroa) gazteari sei urteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak, kale borrokarekin lotura duelakoan. Bere bikoteak epaitegian emandako testigantza ikertzeko eskatu du, gainera, faltsua eman ote zuen jakiteko. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, epaia oinarritzeko orduan, beste batzuen artean, auzitegian lagunak agurtzeko ukabila altxatu zuela dio epaileak: "Esperientziak esaten digu agur hori, ETAko kideak ez badira, ETAren inguruko edo ETAko jarraitzaileek berezkoa dutela".

AAMk salatu du keinu hori froga moduan erabiltzeak "independentisten aurka denak balio duela" erakusten duela. "Ukabila altxatzeak ideia politiko bat irudika dezake. Baina zer epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, ideia politikoak edo delituak?". Gainera, torturapean egindako deklarazioak ere erabili dituztela esan du, "epailearen aurrean egindakoek baino balio handiagoa dute", eta Jimenezen aurka erabili zen DNA laginari dagokionez defentsak irregularitateak salatu zituela jakinarazi du. Horrekin batera, hark hainbat liburu, CD eta itsasgarri izatea ere froga moduan erabili dutela jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.