Gazte Bilgunea alderdi politikoetako, sindikatuetako, instituzioetako, herri mugimenduetako zein gazte mugimenduetako partaide diren norbanakoek osatzen dute, eta taldea oraindik eta gehiago zabaltzeko asmoa dute.
Helburu jakin batekin sortu da Bilgunea, "euskal gazteria bilduko duen Euskal Herriko Gazte Kontseilua sortzea". Azaldu dutenez, ez dute orain arteko Kontseiluen lana ordezkatu nahi, baizik eta "Euskal Herriko gazteria bilduko duen" eta gazteen "gabeziei egokitutako Kontseilu ireki, zabal eta parte hartzailea eratzea" dute helburu.
Bilguneko kideek diotenez, "gazteriaren hitza eta erabakia bideratzeko guneak sortzea ezinbestekoa" da, gazteriaren kezka eta erronkak bideratzeko.
Euskal gazteriaren eskubideen karta ere egin asmo dute, eta horrek, "eskubideen bermea lortu bidean, gazte guztion arteko gogoeten ondotik eratzen den tresna" izan behar duela azaldu dute.
Euskal gazteriaren egoeraren inguruko "azterketa" abiatuko dute, diagnosia eta erradiografia egiteko. Horretarako, norbanako zein elkarte ezberdinen iritzia jakin nahiko luketela azpimarratu dute.
Azkenik, "Euskal Herriko garapena eremuz eremu eraikitzen laguntzeko eta babesteko" neurriak martxan jarriko dituztela esan dute.
Gazte Bilgunetik Gazte Kontseilua sortzeko prozesuak lau oinarri izango ditu: lurraldetasuna, aniztasuna, partehartzea eta integraltasuna.
Gizartea
Gazte Bilgunea sortu da Euskal Herriko Gazte Kontseilua sortzeko
Donostian Gazte Bilgunea aurkeztu dute gaur Euskal Herrian hainbat eremutan lanean ari diren gazteek. Nazio Eztabaidagunean parte hartu duten hainbat gaztek jarri dute abian ekimena, eta, Euskal Herriko gazte erakunde guztietako kideen parte hartzea lortzea nahi dute. Gazte Bilgunea osatzen dutenen iritzian, euskal gazteriak kolektibo bat osatzen du, eta "berezko eskubideen sujetu" dira. Gazteek "hitza eta erabakia bideratzeko" tresnarik ez dutela iritzi diote, eta beraz, Euskal Herriko Gazte Kontseilua sortu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu