'Haika-Segi auzia'

Gazte erakundeak "terroristatzat" hartu behar diren aztertzen jarraitzen du Auzitegi Gorenak

2006ko azaroaren 17a
13:08
Entzun
Jarrai, Haika eta Segi halakotzat hartzea proposatu zuten atzoko epaiketan Fiskaltzak eta AVT ordezkatzen duen akusazioak, eta, ondorioz, auzi horretan auzipetutako 24 gazteei Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak gogortzea erabaki dezakete Goreneko Zigor Salako bost magistratuek. Defentsaren arabera, ez dago lege oinarririk gazte horiek zigortzeko.

Ahozko saioan aldeen argudioak entzun ondoren, epaiaren inguruko gogoeta hasi zuten atzo Goreneko magistratuek, baina ez zuten erabakirik kaleratu. Gaur hausnarketa horrekin jarraitzen dute.

Defentsaren arabera, ez dago lege oinarririk Haika-Segi auziko gazte auzipetuak zigortzeko, ezta gazte erakundeak «terroristatzat» edo legez kanpoko jotzeko ere. Hala argudiatu zuten auzian 24 gazteen defentsa lanetan ari diren abokatuek absoluzioa eskatzeko, atzo, Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Salako bost magistratuen aurrean. Espainiako Auzitegi Nazionalak iaz kaleratutako epaiari fiskalak, AVT elkarteak eta defentsak jarritako helegiteak aztertzeko bista izan zen atzo Zigor Salan. Fiskaltzak eta AVT elkarteak, berriz, gazte erakundeak «terroristatzat» jotzeko eta zigorra gogoratzeko eskatu zioten Salari.

Pilar Fernandez Valcarce Auzitegi Goreneko fiskalak ireki zuen saioa, eta Jarrai, Haika eta Segi erakunde «terroristatzat» jotzeko eskatu zion epaimahaiari, «euren jardunbide guztiek ETAren borroka armatua osagarritzea» xede dutela iritzita. Haren hitzetan, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia oinarri hartuta ondoriozta liteke «terrorismo kontzeptua, erakunde edo talde terrorista, ez dela beti talde armatuarekin identifikatzen», baizik eta gertaeraren izaerak, harekin bilatutako xedeak zehazten duela izaera «terrorista» duen edo ez. Fiskalak aitortu zuen «ez soilik auzi honekiko, baita beste batzuekiko ere eragin handia duen gai bati buruzko erabakia» espero duela Salaren aldetik. Argudiatu zuenez, Jarrai KASen baitan sortu zen 1978an, eta «beti eraman zuen aurrera kale indarkeria motaren bat ETAren estrategiaren osagarri». Hala, gaineratu zuen Zigor Kodeak armatzat jotzen dituela «tresna su-eragileak», eta gazte erakundeek halako tresnak erabilita osagarritzen dutela ETAren jarduera.

AVTko abokatuak ere ildo berari eutsi zion, gazte erakundeak ETAren menpeko direla defendatuta. Bi akusazioek auzipetu bakoitzari ezarritako zigorra 10 urtera igotzeko eskatu zioten Gorenari.

ZER DA «OSAGARRITZEA»?. Auzipetu guztien defentsan, fisikalaren eta AVTren helegiteei erantzun zien Iñigo Iruinek. Abokatuak argudiatu zuen ez dagoela lege oinarririk gazte erakundeak «terroristatzat» jotzeko, kontzeptu horren definizio «hedakorra» egingo litzatekeelako orduan. Gogoratu zuen jurisprudentziaren arabera erakunde terroristatzat hartzeko armak izatea beharrezkoa dela, eta epaitutako gazteei ez zitzaiela inongo armarik topatu ekarri zuen gogora. Terrorismo kontzeptua maila soziologikoan eta zigor arloan bereiztearen alde egin zuen abokatuak eta, epaiak dioen bezala, erakunde armatua eta bestelako gizarte erakundeak bereiztearen alde.

Halaber, gazte erakundeek kale erasoak egiten zituztela esaterik ez dagoela azaldu zuen Iruinek, ez erasoetarako «borondate kolektiboa» frogatu dela esateko ere. Azpimarratu zuenez, Haika-Segi auzian epaitutako gazteetako bat ere ez dute ez lotu ez zigortu eraso zehatz batekin.

Akusazioek euren helegiteetan aipatzen duten beste kontzeptu bat ere mintzagai izan zuen defentsa abokatuak. «ETAren jarduera osagarritzea» egozten diete hiru gazte erakundeei fiskalak eta AVT elkarteak, baina osagarritzearen kontzeptua zer den galdetu zuen abokatuak, zehazgabea dela iritzita. Legeak talde armatuari laguntzea edo kide izatea zehazten dituen bezala, «osagarritze» horren jarduerak definitu ezean ez dagoela «ezer» esan zuen zuen Iruinek.

Azken batean, gazteak eta gazte erakundeak zigortzeko ez dagoela ez lege oinarririk ez frogarik defendatu zuen.

LEGEZ KANPORATZEKO ERE EZ. Auzipetu bakoitzaren defentsa egin zuten, halaber, Iker Urbina, Arantxa Zulueta eta Aitor Ibero abokatuek. Auziari buruz kaleratu zen epaiak ezin duela epaitu gabeko beste antolakundeei buruz hitz egin, perituen errekusazioaren gaia edo AVT auzian ez zela modu egokian pertsonatu mahai gainean jarri zituzten, halaber, abokatuek, beste hainbat argudioren artean. Eta gazte guztien absoluzioa eskatu zuten, haiek zigortzeko eta gazte erakundeak legez kanpo jotzeko ez dagoela frogarik ez eta lege oinarririk argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.