Ohikoa izan da tradizio politiko guztietan gazte erakundeak sortzea, gazteei ere jarduera politikoan esku hartzeko bideak eskaintze aldera, eta, alde horretatik, XIX. mendearen amaieran sorturiko euskal abertzaletasuna ez zen salbuespena izan. Nazionalismoa egituratzeko Arana anaien lehenengo saioak bezain zaharra da gazteen parte hartzea ideologia berriaren hedatze lanetan. Baina gerra aurreko nazionalismoaren kasuan, gazteen ekarpenak berebiziko garrantzia izan zuen. Seguru asko, nazionalismoak oso denbora laburrean eskuratu zuen hedapena ezin da ulertu Euzko Gaztedik egindako lana kontuan hartu barik.
Nikola Ruiz Descamps historialariak (Lille, Frantzia, 1972) sakon aztertu ditu gerra aurreko nazionalismoaren gazte erakundeak. Gai hori aukeratu zuen doktore tesia egiteko, eta liburu bat ere argitaratu du, Historia de las organizaciones juveniles del nacionalismo vasco (Euskal nazionalismoaren gazte erakundeen historia), 1893tik 1923ra arteko epea aztertzen duena. Izan ere, lehenengo gazte erakunde abertzalea, Euzko Gastia, 1901ekoa da, baina gazteen parte hartzea nazionalismoaren garapenean askoz lehenagokoa da. Horregatik jo du 1893ra Ruizek mugimendu haren sustraiak aurkitzeko.
Javier Gortazar, 1912tik 1916ra Euzko Gaztediko presidente izango zena, hamabost urteko gaztetxoa baino ez zen Sabino Aranak argitaratutako Bizkaitarra agerkariaren berri izan zuenean, 1893an. Irakurritakoak abertzale bilakatu zuen. Hark eta institutuko beste ikaskide batzuek taldetxo bat sortu zuten ikastetxean bertan, batez ere Bizkaitarra irakurri eta irakurritakoa denon artean eztabaidatzeko, eta Arana ezagutzera ere iritsi ziren, igandeetan Larrinagako espetxera bisita egiten baitzioten. "Apurka-apurka, gero eta gazte gehiagok parte hartu nahi zuen mugimendu berrian", dio Ruizek. Hortik sortu zen Euzko Gastia, 1901ean.
Gazte mugimendurik ez
Garai hartan, oso ohikoa zen gizartean hegemonia lortu nahi zuten alderdiek gazte sailak edo gazteek osatutako erakundeak izatea: "Alderdiek masa mugimendu bilakatu nahi zuten, eta jendea erakartzeko, gazteentzako sailak sortzen zituzten. Garai hartan jaio zen Tomas Meaberen Gazteria Sozialista, eta errepublikazaleek eta karlistek ere bazituzten gazte erakundeak", adierazi du Ruizek.
Gazte erakundeak ziren, gazteek osatuta; baina gazteen arazo bereziei erantzutea ez zegoen haien lehentasunen artean. Gazte mugimenduaren kontzeptua, gaur egun ulertzen den moduan, askoz geroago agertu zen, eta orduko gazte erakundeek "alderdiaren alde eta alderdiarentzat" lan egitea zuten helburu: "Eztabaidatzen dituzten gaiak ez dira gazteen arazoak, baizik eta zer egin dezaketen gazteak alderdira erakartzeko, gazteek nola lagundu ahal dioten alderdiari. Propaganda zen haien eginkizun nagusia".
Bilbo izan zen jeltzaletasunaren sorlekua, eta gazte erakundea ere Bilbon errotu zen sakonkien. "Bizkaiko kostaldeko zenbait herritan ere, Bermeon eta Lekeition adibidez, taldeak sortu ziren, bai eta Barakaldon eta Deustuan ere. Baina hastapen haietan nazionalismoaren gazte erakundeek, eta nazionalismoak oro har, Bilbo izan zuten gotorleku".
Bilboko gazte nazionalistek elkarte bat sortu zuten 1904an, Sociedad de Juventud Vasca izenekoa, baina horrek bide laburra egin zuen, epailearen aginduz 1905eko abenduan itxi zutelako. Hala ere, 1907an Bilboko Euzko Gaztedi sortu zen, "oso erakunde garrantzitsua izatera iritsi zena, seguru asko orduko gazte erakunderik garrantzitsuena".
Bestalde, 1911n Euzko Gaztediren talde bat agertu zen Buenos Airesen (Argentina). Horrek garrantzi handia izan zuen, Ruizen esanetan: "Lan handia egin zuen han bizi ziren euskaldunen artean ideologia berria hedatzeko. Atzerrian bizi ziren euskaldunak Euskal Etxeetan batzen ziren, baina ez ziren abertzaleak, eta Euzko Gaztedik lan handia egin zuen Euskal Etxeak bereganatu eta bazkideak nazionalismora erakartzeko".
Euskal kultura hedatuz
Esan bezala, Euzko Gaztediren lan arlorik garrantzitsuena propaganda izan zen. Baina ez soilki EAJren propaganda; alderdia ideia batzuk azken bururaino eramateko tresna baino ez zen, eta ideia horiek, euskara, euskal nazioaren defentsa, euskal ohitura eta tradizioen gorazarrea eta, oro har, nazionalismoaren ideologiaren osagai guztiak gizarteratzea garrantzi handiko zeregina zen.
Xede horri begira, prentsa idatzia, bilkurak eta garai hartako ohiko propaganda bideak erabiltzen zituzten. Eta beste batzuk ere bai, azken helburua euskal nazioaren ideia hedatzea zela kontuan hartuta: "Euzko Gaztedik lan handia egin zuen euskal kultura zabaltzeko. Antzerki lanak, dantzak, musika, euskal kirolak eta abar sustatu zituzten. Bilboko Euzko Gaztedik, esaterako, itzal handiko orfeoia eta antzerki talde garrantzitsua izan zituen. Azken horrek antzezlan berri ugari aurkeztu zituen Bilboko Arriaga eta Campos Eliseos antzokietan".
Ruizek dioenez, Euzko Gaztediren lana «ezinbestekoa» izan zen komunitate nazionalista sortzeko. "Nazionalismoak gizarte txiki bat osatzen zuen, komunitate bat, eta horren egituraketan rol garrantzitsua izan zuen Euzko Gaztedik, multzorik dinamikoena zelako".
Lan horretan, egon zen Euzko Gaztediren atal bat bereziki inportantea: mendigoizaleena. Ruizek dioenez, mendigoizaleak kirolari mendizaleak baino askoz gehiago izan ziren: "Mendigoizaleek garrantzi handia izan zuten nazionalismoaren ideiak Bilbotik kanpo hedatzeko, mendi irteerak baliatzen baitzituzten herritarrekin hitz egin eta propaganda banatzeko. Horrek Bilboko mendigoizale asko euskara ikastera bultzatu zituen. Baina, beste aldetik, ekarpen handia egin zioten nazionalismoaren iruditeriari. Kirolariak ziren, naturazaleak, osasuntsuak, saiatuak, tontorrera igotzen zirenak: nolabait, nazionalista perfektuaren irudia osatzen zuten".
Bilboko Euzko Gaztedi izan zen talde guztietan indartsuena; mila kide baino gehiago izatera iritzi zen, eta handik atera ziren euskal abertzaletasunaren esparruan ospe handia izan zuten politikari asko. Ramon de la Sota Aburto Bizkaiko lehenengo ahaldun nagusi nazionalista, Luis Urrengoetxea EAE-ANVren sortzaileetako bat izango zena, Elias Gallastegi eta beste batzuk Bilboko Euzko Gaztediko kideak izan ziren.
Euskararen sustapenean buru-belarri sartuta zegoen taldea ere izan zuen Bilboko Euzko Gaztedik, Euskeltzale Bazkuna izenekoa. "Talde horretan zeuden jarrera erradikalagoak zituztenak. Hasieran, Gallastegi, Zeferino Jemein eta abarren tesi erradikalagoak gutxiengo batek defendatzen zituen Euzko Gaztedin. Baina, apurka-apurka, gero eta hedapen handiagoa lortu zuten, agintea lortu zuten Bilboko eta beste zenbait herritako taldeetan, eta garrantzi handia izan zuten Comunion eta Aberriren arteko eszisioan, 1921ean".
1918tik aurrera, Bizkaiko mugak gainditu eta Euzko Gaztediren talde asko sortu ziren Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeetan, Gipuzkoan batez ere. Horren ondorioz, 1919an, Euzko Gaztedien Federazioa sortu zen. Federazioak urte hartan Gasteizen egin zuen batzarrean, alderdiaren politika sozialaren kontrako zenbait kritika agertu ziren. "Alderdiak jakin zuen kritika horiek bideratzen, baina 1921eko eszisioa gertatu zenean, Bizkaiko Euzko Gaztediren talde gehienek Aberriren alde egin zuten. Esan daiteke Aberri Bizkaiko alderdia izan zela batik bat".
Primo de Riveraren 1923ko estatu kolpeak legez kanpo utzi zuen nazionalismo politikoa. Hor amaitzen da Ruiz Descampsen ikerketa, baina, etorkizunean, horri jarraitzeko asmoa du. Izan ere, hurrengo urteetan ere Euzko Gaztedik berebiziko garrantzia izango du, eta "nolabait haiei zor zaie nazionalismoaren iraupena Primo de Riveraren diktaduran eta EAJk Errepublikaren garaian lortu zuen hegemonia".