politika

Gazte independentistak bakean uzteko eskatu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek

Gazteek diote "borrokan jarraitzeko hautua egina" dutela.

2011ko azaroaren 24a
13:52
Entzun

Gernikako Akordioa ordezkatzen duten hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek azken hilabeteotan hainbat gazte independentistek jasandako "jazarpena" salatu dute, eta haiek gehiago ez atxilotzeko eta "bakean uzteko" eskatu dute. Babesa adierazi diete, bide batez.

"Jazarpenok, jarduera politiko antolatua ez ezik, edozein gazteri dagokion bizimodu normala garatzea galarazten diete. Gazteen oinarrizko eskubide zibil eta politikoak jarduera politiko publikoa garatzeagatik urratzen ari dira", esan dute eragileek gaur, Bilbon. "Ustezko zuzenbide estatu batean nekez uler daiteke Poliziaren erabilpen politikoa, are gutxiago sistemarekiko asaldatzea adierazten duten gazteak kontrolpean izan eta jazartzeko.

Gaur egun Euskal Herriak fase politiko berri bat bizi duela adierazi dute, "gatazka politikoa behin betiko konpontzeko
fasea", eta aldarrikatu dute hor gazteek zeregin handia daukatela. "Pentsatzen dutena esateko eskubide osoa daukatelako, esaten dutena egiten saiatzeko eskubide osoa daukatelako, biltzeko, antolatzeko, adierazteko eskubide osoa daukatelako, euskal gazteria bakean uzteko eta jarrera antidemokratiko oro bertan behera uzteko eskatzen dugu".

Gazte independentistek diote "borrokan jarraitzeko hautua egina" dutela 

Gazte independentista batzuk ere baziren agerraldian, eta gogoratu dute "jazarpena" ez dela kontu berria, "gazteria beti egon baita errepresioaren jomugan. Atzera begiratu eta azken urteetan atxilotutako, torturatutako, espetxeratutako edo zerrenda beltzetan agertutako gazte andana ikusi besterik ez dago".

Azpimarratu dute euren helburu politikoetan berretsi eta "borrokan jarraitzeko hautua egina" dutela. "Ez dute lortuko herri honen motore den gazteria itzaltzea, gurekin jai dute!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.