Gazte independentistek gaur Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) aurka Madrilen Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa salatu dute, eta "errepresioaren gordintzearen arrazoietako bat Espainiako eta Frantziako estatuek ezker abertzalea anikilatzeko estrategia" dela diote. Auzipetuei babesa emateko larunbat honetan Bilbon manifestazioa egingo da, Euskal Herriak Askatasuna behar du! lelopean, 17:30etik, eta gazte independentistek bertara joateko dei egin dute.
Ezker abertzaleak independentzia eta sozialismoa lortzeko "tresna zehatz eta praktikoa" duela adierazi dute. "Proposamen hori herri honen gehiengoak bat egiten duen oinarrien gainean eraikita dago, eta PSOEk eta EAJk horregatik ezker abertzalearen ekimena desegin nahi dute".
Atzo hainbat musikarik egin zuten larunbatean Bilbora joateko dei, eta epaiketa salatu zuten. "Ezin gara isilik geratu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketaren aurrean, bereziki bertan auziperatutako 27 euskaldunen epaiketaren aurrean. Ez dugu onartzen errepresioaren salaketa egite hutsa kondenatzea, elkartasunaren antolakuntza auzitan jartzea edota estatuaren biolentzia sufritzen duten pertsonekiko maitasun eta laguntasun eskaintza hauek epaitzea. Ez zaigu buruan sartzen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eskaintzen digun lan esparrua kriminalizatzea. Askatasun esparru hori guk geuk ere gure zainetan daramagulako".
AAMren kontrako epaiketa
Gazte independentistek larunbatean Bilboko manifestaziora joateko dei egin dute
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketa salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu