Gaztea eta euskaltzalea izatea gaur

Biharko dute deia egina, Aretxabaletan: Gazte Euskaltzaleen I. Topaketa. Gazteen artean apalduz joan diren aldarri eta kontzientziak berriz nola lora daitezkeen aztertzea, horixe izango da ondu duten egitarauaren xedea, eta bidean eragitea.

Beñat Jusue, Xabier Ezponda, Maddi Aranburu, Lander Ibarburu eta Malen Frantsesena. BERRIA.
arantxa iraola
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Adinen eta irizpide sozialen arteko konbentzioan, gaztetasun betean daude batzuk, gaztetasunaren azken hondarrean besteak, baina, objektiboki, 1990eko hamarraldia hasi eta gero sortuak dira lerrootan mintzo diren bost gazteak, euskaltzaleak denak ere. Bihar Aretxabaletan (Gipuzkoa) izango dira, beste dozenaka gazterekin, han egina baitute bilkurarako deia: Gazte Euskaltzaleen I. Topaketa. Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatu du, baina sareko kide ez diren gazteak ere izango dira, elkarrekin irudikatzeko euskaltzale izateko era berriak: gaurkoak. 09:30ean hasiko dira, eta herriko hainbat txokotan jardungo dute.

Atarian, atariko, hizpide izango dituzten gogoeten gainean solasaldi bat eduki dute gazteok, online. Gazte Euskaltzaleen Sarearen izenean hitz egin du Beñat Jusuek (Tutera, Nafarroa, 1998). Malen Frantsesena (Oiartzun, Gipuzkoa, 2003) ere sare horretako kidea da, eta EHUko ikasleek Leioan duten euskara taldeko partaidea. Hernaniko (Gipuzkoa) Burrunba gazte euskaltzaleen elkarteko kideak dira beste hirurak. Lander Ibarburu 1990ekoa sortua da, Xabier Ezponda 1994koa, eta Maddi Aranburu 1993koa.

Jusuek argi du: euskaltzale izateko bideanezinbestekoa da «zapaldua» izatearen kontzientzia hartzea. «Nahiz eta saldu euskararen normalizazioaren garaia dela, eskubide batzuk ez daude bermatuta». Gazte Euskaltzaleen Sareak horixe du helburu, hori barneratua duten gazteen «subjektua» ehuntzea: indartzea. Bere zabalean. «Bigarren mailako herritarrik gabeko Euskal Herri batekin amesten duen oro» irudikatzen dute sarean: «Berdin du euskaraz hitz egiten duten edo ez». Bat dator Frantsesena: «zapalkuntzaren kontzientzia» behar da euskaltzalea izateko, eta gazte euskaltzaleek dituzten berezitasunei erreparatzeak garrantzia du; esaterako, feminismoan«neska gazteek» ahots propioa izan duten eran.

«Kontzientziak» pizten

«Euskaltzaletasuna itzali samar dago; denok ohartzen gara. Igual, kontua ez da hainbeste ez dagoela euskaltzalerik, baizik eta jendearen kontzientzia ez dagoela piztuta; zapalkuntza hori ez dagoela hain presente gaur egungo belaunaldietan, aurrekoekin alderatuta». Horregatik, gertuko jendearen atea jo, gai honen gaineko gogoeta sustatu, eta haiek «aktibatzea» izan dute xede Hernanin.

Jusue harago begira ere ari da: «Uste dut euskararen borrokari erakargarritasuna falta izan zaiola gazteentzat; zaharkituz joan da;ez du gaitasunik izan gazte berriak katigatzeko. Formak eta diskurtsoak berritu behar ditugu». Frantsesena bat dator; hainbat mezuk ez dute funtzionatzen orain: «Esaterako, euskara dakien bati esateak: Euskaraz hitz egin behar duzu euskara gure hizkuntza delako.Moldeak aldatu behar dira». Eta jendearengana hurbiltze horretan «zapalkuntza» aipatu behar da, bere gordinean? Duda du Jusuek: «Inork ez du zapaldua izan nahi; estrategia komunikatibo moduan, ez dut ikusten». Horiek horrela, «aurrera begirako» mezuak beharrezkoak diren irudipena du: berriak. «Nahietatik, desioetatik eraikitako diskurtsoak», esplikatu du: «Euskaltzalea eta pertsona jarri behar ditugu erdian, ez hainbeste euskara. Hortik eraiki behar dugu diskurtsoa». Hegemoniatik aparteko izaera inoiz ahantzi gabe: «Kontzientzia behar dugu, jakina».

Hiztun motak

Datu soziolinguistikoak argiak dira, tematiak. Lehen hizkuntza euskara ez duten euskaldunak ugaritzen ari dira, gazteak dira asko, eta, horientzat, usu, eskolan jasotako hizkuntza da euskara, akademikoa, eta ikasgelatik at komunikatzeko, motza. Horiengana nola heldu, horixe da erronketako bat. Hernanin euskara ez da arrotza, baina Burrunbako kideek usu ikusten dute errealitate hori. Aranburu: «Kalera salto egiten denean, askotan euskara galdu egiten da». Motibo bat baino gehiago ikusten ditu. «Aisialdi falta». «Erosotasuna». «Eredu falta». Eta «kontzientzia piztuta» errazagoa da horiek iraultzea.

Jakina, euskararen lurraldea administratiboki zatituta egoteak, egoera soziolinguistiko askotarikoek, eragina dute. «Nire kasuan oso erraza da: zapalkuntza hain agerikoa da Tuteran», azaldu du Jusuek. Euskaltzaletasuna «erreakzio bat» da harentzat: «Gizarte berri bat eraikitzeko nahia». Duda du: «Zergatik egiten du Oiartzungo batek euskararen alde?». Frantsesenak eman du erantzuna: «etxean» eta «ikastolan bertan» ernaldu zuten kimua loratu da haren barruan. Egungo hezkuntza sistema herren ikusten du, ordea, alde horretatik, eta oroitu du Gazte Euskaltzaleen Sareak hezkuntzaren inguruan egin dituen aldarriekin gabezia horiek salatu nahi izan dituela. Esan du garai batean hezkuntza sistemak «euskaraz bizitzeko gogoa» ere pizten zuela: «Garaiko egoerarengatik, euskaraz bizitzeko gogo hori ematen zizun, baina, egun, hezkuntzarekin bakarrik lotzen du jende askok euskara, eskolan ikasten dutelako, baina gero ja ez dute beharrik sentitzen euskaraz bizitzeko».

Gazte mugimenduan ere sendoago nahi lukete euskara, argiago. Aranburu: «Gazte mugimendua ez da euskara erabiltzeko eskubidearen aldeko borrokanardaztua egon, beti izan da zehar-lerro bat; hor eremu gehiago falta zaizkigu». Ibarburu bat dator: «Euskaltzaletasunak aktiboki bultzatu behar dituzun jarrera batzuk izan behar ditu; balio batzuk, konpromiso bat, protokolo batzuk». Jai eremuetan-eta sexismoaren kontrako irizpideak jarri diren eran, euskararen alde ere nahi lituzkete neurriak.

Ghettoak apurtzeko deia

Borroka bat bestearekin uztartu behar horretan, gazte migratzaileengana, migratzaile heldutako familien seme-alabengana heltzeko bideez ere jardun nahi dute. «Zertarako nahi du pertsona batek euskara baldin eta lana lortzea badu lehentasun?», onartu du Jusuek, askotan kalteberak direla gogoratuta. «Gazteon artean asko dugu egiteko ghettoen aurka; gurekin hasita, zubiak eraikitzeko, eta harremanak eraikitzeko pertsona arrazializatuekin, haiek ikus dezaten euskara harrera hizkuntza bat dela». Ezpondak uste du badela non ikasia. Hernaniko karriketan ikusi du. «Euskara ikaragarrizko tresna iruditzen zaigu. Oso erraz konturatzen dira euskarazko zenbait hitz esanda herriak harrera hobea egiten diela».

Baina bideko zailtasunei erreparatu behar zaiela argi du Frantsesenak, hor baitago migratzaileekiko harremanetan euskara bera «zapalkuntza» tresna bihurtzeko kezka. Horiek horrela, pentsatzen du moduak «asmatu» behar direla euskararen inguruko gakoak «zapaldu-zapaltzaile» erlazio horietatik aparte eraikitzeko, betiereahalegina eginda goitik behera begiratzerako tentazioak alboratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.