Historia maiz gainditu beharreko ikasgai bat baino ez da gazte gehienentzat. Euren eguneroko kezketatik urrun daude iraganeko gertaerak, eta normala denez, denboran atzera baino gehiago aurrera begiratu ohi dute. Haatik, Euskal Herriko hainbat esparrutako gazteek Jalgi Hadi Garaipenera plataforma aurkeztu berri dute Iruñean. Gazte gehienek bezala, etorkizunak kezkatzen ditu, baina Euskal Herriko historia maiz «desitxuratu» eta «aldrebestu» egin delakoan, historian sakondu eta hura zabaltzeko beharra ikusi dute. Ekinaldi horren bidez datozen asteetan Euskal Herriko hainbat tokitan «gazteriaren eskura» jarriko dute ezkutatua izan den historiaren bertsioa. «Iraganaz jabetzea ezinbesteko zaigu».
Horren berri emateko tokia Iruñea aukeratzea ez da halabeharrezkoa izan. Aurten, ezaguna denez, 500 urte beteko dira Gaztelako tropak lehen aldiz garai hartako Nafarroako erresuman sartu eta konkista abiatu zutenetik. Jalgi Hadi Garaipenera taldeko kideen arabera, konkista «luze bezain latzak errepresio ankerra, krudeltasuna eta inkisizioa» ekarri zituen.
Maiz esaten da historia garaileek idatzi ohi dutela, eta kasu honetan ere hori gertatu izan dela uste dute Jalgi Hadi Garaipenera-ko kideek. Horregatik, auzitan jarri nahi izan dute bertsio ofiziala: «Erresumaren etorkizuna kolokan zela, egoera bideraezina zela, barne liskarrak... eta antzekoak entzun izan ditugu maiz. Kontatu diguten historia, ordea, ez dugu sinesten», salatu dute ozen. Euren ustez, gaur egungo ikasliburuek, irabazleen tesiak bere egin, eta belaunaldi berriak «era jakin batera» hezi nahi dituzte, «bere herriko historiari bizkar emanez».
Egoera hori iraultzeko asmoz jaio da hain justu Jalgi Hadi Garaipenera. 1512. urtean abiatutako konkistaren historian sakondu nahi dute, eta hark utzitako irakaspenak baliatu etorkizunari aurre egiteko. «Euskal Herrian bizi den abagune politikoan, gure arbasoen lekukoa hartu eta iraganeko irakaspenetatik historia idatzi nahi dugulako». Beharrezkoa ikusten dute gazteek euren etorkizuna marraztu ahal izatea, eta, horretarako, burujabetza zentzu zabalenean aldarrikatzen dute: «Independentzia kulturala, ekonomikoa... Baina, batez ere, norbanako askez osatutako herri askearen beharra».
Era berean, webgune bat sortu dute: http://jalgihadigaraipenera.com. Bertan jarriko dituzte hurrengo asteetan antolatuko dituzten ekitaldiak.
Gazteak, 1512ra begira
Hainbat gaztek Jalgi Hadi Garaipenera taldea sortu dute, Nafarroako konkistaren kontakizuna «aldrebestua» izan delako eta historian sakontzea beharrezkoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu