Sailburuordeak atzo aurkeztu zuen inkesta, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Jean Claude Iriart Euskararen Erakunde Publikoko zuzendariak, Erramun Osa Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendariak eta Jon Aizpurua Koordinazio Zuzendaritzako Plangintza eta Azterlanetako zerbitzu buruak lagunduta. 1991n egin zuten lehen azterketa soziolinguistikoa erakundeek, eta ordutik hona bost urtean behin kaleratzen dute. Euskararen lurralde osoko 15 urtetik gorako herritarrak hartzen ditu aintzakotzat azterketak, eta lau ikerketa eremu nagusi bereizten ditu: herritarren hizkuntza gaitasuna edo ezagutza, euskararen erabilera, hizkuntzaren transmisioa eta euskararekiko jarrera. Eremuka jasotako datu esanguratsuenetako batzuk dira honakoak:
Ezagutza
2006ko datuen arabera, Euskal Herriko biztanleen %25,7 elebiduna da (665.700 herritar), %15,4 elebidun hartzailea (398.000), eta %58,9 erdaldun elebakarra (1.525.900).Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi dira elebidun gehienak,%83,7; %8,5 Nafarroan; eta %7,8 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hizkuntz gaitasunaren azken 15 urteotako bilakaerari erreparatuta, duela 15 urte baino 137.200 elebidun gehiago zeuden 2006an, Euskal Herrian. 1991n euskal herritarren %22,3 ziren elebidunak, eta %25,7 ziren 2006an. Hego Euskal Herrian egin du gora elebidunen kopuruak; Ipar Euskal Herrian, aldiz, galerak bere horretan dirau, nahiz eta gazte elebidunen kopurua gora egiten hasi den. Halaber, erdaldun bakarrak orain dela 15 urte baino 133.900 gutxiago ziren 2006an; %70 lehen eta %58,9 orain. Erdaldun elebakarren kopuruak Hego Euskal Herrian behera egin duen bitartean, Ipar Euskal Herrian gora egin du, bai kopuruan eta bai ehunekotan. Elebidun hartzaileen kopuruak gora egin du lurralde osoan.
Adinaren arabera, gazteen artean dago elebidunen kopuru handiena Hego Euskal Herrian, eta 65 urtetik gorako biztanleen artean, berriz, Ipar Euskal Herrian. Dena dela, 2006ko datuen arabera, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gazteen artean gora egin du elebidunen kopuruak. Azken 15 urteotako bilakaerari erreparatuz gero, elebidunen hazkundea gazteenetatik zabaltzen ari da herrialde guztietan. Helduena da, aldiz, multzorik erdaldunena.
Inkestaren arabera, elebidunen ia herena hobeto moldatzen da euskaraz erdaraz baino. Horien artean, 65 urtetik gorakoena da multzorik handiena; euskara izan dute ia guztiek lehen hizkuntza, eta gune euskaldunetan bizi dira. Euskaraz eta erdaraz berdin moldatzen direnen artean 25 eta 50 urte bitarteko multzoa da handiena, eta euskara izan dute horietako gehienek ere lehen hizkuntza. Erdaraz hobe moldatzen direnak elebidun multzorik handiena dira Hego Euskal Herrian, eta proportzioa handiagoa da adinak behera egin ahala. Hego Euskal Herrian erdara izan dute gehienek lehen hizkuntza, eta euskara, Ipar Euskal Herrian.
Erabilera
Euskararen erabilera ez da hazi ezagutzaren maila berean. Euskal Herriko biztanleen %15,3 erabiltzen du euskara erdara beste edo gehiago egunerokoan; %9,8k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago; eta %74,9k ez du euskararik erabiltzen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %18,6 dira euskara erdara adina erabiltzen duten elebidunak; %10,3 Ipar Euskal Herrian; eta %5,6 Nafarroan.
Azken 15 urteotako bilakaerari erreparatuta, euskararen erabilerak gora egin du «apurka-apurka» Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; bere horretan dago Nafarroan; eta behera egin du Ipar Euskal Herrian. Ingurukoekin baino, eremu formalean -erakundeetan, salerosketetan...- erabili da gehiago euskara.
Dena dela, elebidunen kopurua gehitu den arren eta gizartean oro har euskararen erabilerak gora egin badu ere, elebidunen euskararen erabilera ez da hazi urteotan. Elebidunek ez dute euskara gehiago erabiltzen gaur egunean. Hain zuzen ere, 16 eta 24 urte arteko gazteek 1991ean baino gutxiago erabiltzen zuten euskara 2006an.
Euskararen transmisioa
Euskal Herriko lau biztanletik hiruk (%78,7k) erdara dute lehen hizkuntza. Euskara lehen hizkuntzatzat dutenak %16,5 dira, eta euskara eta erdara dituztenak, %4,8. Lurraldeka, lehen hizkuntza euskara dutenak %21,6 dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan; %18,7 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta %6,4 Nafarroan. Adinaren arabera, berriz, lehen hizkuntza euskara dutenen proportziorik handiena 65 urtetik gorako helduen artean dago oraindik orain (%23,5). Dena dela, 24 urtetik beherakoen artean hazi egin da euskara lehen hizkuntzatzat dutenen kopurua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta baita Nafarroan ere, neurri txikiagoan izan bada ere. Ipar Euskal Herrian, ordea, gazteen artean gero eta txikiagoa da ehuneko hori.
Euskara nola transmititu den aztertzeko, 2 eta 9 urte bitarteko seme-alabak dituzten inkestatuak hartu dituzte aintzat. Lanaren arabera, gurasoen hizkuntza gaitasunak «erabat» baldintzatzen du euskararen transmisioa seme-alabekiko. Inkestaren arabera, egun, gurasoak elebidunak direnean, euskararen transmisioa «ia erabat ziurtatuta» dago Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan (%98), baina galerak daude oraindik ere Ipar Euskal Herriko lurraldeetan -hamar puntu txikiagoa da -. Bikotekideetako batek euskaraz ez dakienean, berriz, seme-alaben %86k jasotzen dute euskara etxean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; seme-alaben %71k Nafarroan; eta haurren %44k Ipar Euskal Herrian.
Hizkuntzaren bilakaerari edo, bestela esanda, euskararen galerei eta irabaziei erreparatuta, berriz, inkestak ondorioztatzen du lehen hizkuntzatzat euskara, edo euskara eta erdara izan dutenek euskara gorde dutela eta elebidunak direla gaur egun. Hala ere, biztanleen %3 inguruk euskara guztiz edo maila batean galdu dute -horietatik herena inguru Nafarroan-. Lehen hizkuntza erdara izan arren, euskara ikasi eta egun elebidunak diren 200.987 herritar daude. Herrialdeka, euskaldun berriak 178.000 dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 19.000 Nafarroan (%4) eta 3.900 Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan (%2). «Irabazien hazkundea eta galeren ia desagerpena gazteen artean antzeman da bereziki, baita, neurri apalagoan bada ere, Ipar Euskal Herriko gazteen artean».
Euskarari buruzko jarrerak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskararen erabilera sustatzearen alde daude 16 urtetik gorako hiru lagunetik bi (%64,7). Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan euskara sustatzearen alde daude biztanleen %41,2. Eta Nafarroan, berriz, herena pasatxo dira (%37,7). Halaber, bada herritarren multzo esanguratsua ez dagoena ez alde eta ez aurka: %41,1ekoa da kopuru hori Ipar Euskal Herrian; %28,1ekoa Nafarroan; eta %24koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Euskara sustatzearen aurka daude, halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %11,2; Ipar Euskal Herriko biztanleen %17,6; eta nafarren heren bat (%34,2).
Euskararekiko jarrerak badu loturarik hizkuntza gaitasunarekin. Hala, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako elebidunen %85etik gora eta Ipar Euskal Herriko elebidunen %75 euskara sustatzearen aldekoak dira. Aldiz, erdaldun elebakarren artean, alde daudenak nabarmen gutxiago dira -erdia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %28 Nafarroan nahiz Ipar Euskal Herrian-. Adinari dagokionean, 65 urtetik gorakoena da aldeko jarrera dutenen multzo nagusia, eta adinak behera egin ahala txikiagoa da ehunekoa. Dena dela, Hegoaldeko gazteen artean joera aldaketa nabari da inkestaren arabera; Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, berriz, gazteenak dira aldeko ehuneko txikiena dutenak.
Euskara biziberritzeko denbora eta herritarren atxikimendua behar direla dio Miren Azkaratek
Euskararen lur eremuanari diren instituzioen arteko elkarlana beharrezkotzatjo du Kultura sailburuaka. sarasola
Donostia
Gutxiengo batek hitz egiten duen hizkuntza bat indarberritzea ez dela «egun batetik bestera» lor litekeen kontua azaldu zuen Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuak atzo, inkestaren aurkezpenean. «Horretarako, denbora behar da, belaunaldiak, pazientzia, kemena, herritarren atxikimendua, herritarren gogo hori asebetetzeko instituzio publikoen konpromisoa, askotariko bitartekoak, eta abar». Baita inkestak euskal gizarteaz emandako informazioa ere, haren ustez.
Azkarateren hitzetan, euskaraz dakien eta hura baliatzen duenen kopurua «nabarmen» hazi da hamarkadotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan, «motelago bada ere, hazkundea» gertatzen ari dela esan zuen, eta Ipar Euskal Herrian, «galerak jarraitzen duen arren, galera hori moteltzen ari da, eta ageri dira esperantza zantzuak belaunaldi berrien ekarriaz etorkizunean egoerari itzuri egiteko».
Baina mezu baikorrek ezin dutela instituzioek euskara sustatzearen alde lanean jarraitzeko beharra ahantzarazi gehitu zuen sailburuak. Euskara biziberritzeko lau ildo jo zituen beharrezko: hizkuntza gutxitua aintzat hartzen duen lege esparrua; xede hori duen hizkuntza politika eragingarria; herritarren atxikimendua; eta «euskararen lur-eremuan ari diren instituzio guztien arteko elkarlana».
Jean Claude Iriart Euskararen Erakunde Publikoko zuzendariak datu baikor bat nabarmendu nahi izan zuen: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gazte elebidunen kopuruak gora egin izana. «Euskararen egoera iluna da Ipar Euskal Herrian, galera aurrera doa, baina lehen aldiz euskaldunen portzentajean egiazko aldaketa bat izan da; itxaropenezko lehen seinale aski inportantea da».
«Ipar Euskal Herrian ageri dira esperantza zantzuak belaunaldi berrien ekarriaz egoerari itzuri egiteko»
miren azkarate
eusko jaurlaritzako kultura sailburua
«Lehen aldiz euskaldunen portzentajean aldaketaizan da; itxaropenezko lehen seinale aski garrantzitsua da»
jean claude iriart
euskararen erakunde publikoko zuzendaria