Gazteek ere indarrak batzeko garaia dela dio Segi mugimenduak

Euskal Herrian egiten ari diren urratsen aurkako «iraintzat» jo ditu Segik Lacroix ahizpen atxiloketak

Segik atzo egin zuen prentsaurrekoa, azken hilabeteetan eraman hausnarketaren berri emateko. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herrian dagoen aro politiko berria ikusiz, gazterian ere «indar metaketaren» garaia dela uste du Segik: «Herri honen askatasunean eta jendarte eredu duineta justuan sinesten dugun gazteak bildu behar gara», Txomin Catalogne Segiko bozeramailearen hitzetan.

Atzo egin zuten Baionan prentsaurrekoa Txomin Catalogne eta Amaia Elixerik, azken hilabeteetan egindako hausnarketaren berri emateko, baita Lacroix ahizpen atxiloketari buruzko gogoeta plazaratzeko ere. Euskal Herrian «marrazten ari den panorama politiko berriari» begira, «baikor» agertu ziren. Hala eta guztiz ere, argi daukate «lan anitz gelditzen dela egiteko», eta «etsaiek ez dutela oparirik eginen». Izan ETAk, ezker abertzaleak edota hainbat eragilek egin urratsen parean oraindik «itsu»gelditzea «pentsa ezinezkotzat» jo zuten.

Testuinguru berri honetan, gazteek anitz dutela ekartzeko azaldu zuen Elixerik, eta gehitu zuen gaur egungo apustuari «juntatu» behar dutela. «Gazteok ere ibilbide honetan lekukoa hartu behar dugu, eta iniziatibaz herri hau eraiki», Elixeriren hitzetan. Hari horri segi, barne hausnarketa bat egin dugu gazte mugimenduak azken bi urteetan, eta indar metaketaren beharra atera zen horretarik, atzo azaldu zutenez. Horretarako, Euskal Herriaren etorkizunaz arranguratuak diren gazte orori «gogoeta bat abiarazteko» gomita egin zuten. «Segiren baitan ez dira gazte ezkertiar eta abertzale guztiak, anitz dira ondoan Euskal Herriaren geroaz arranguraturik; bada garaia indarrak batzeko», Elixeriren hitzean.

Horrez gain, «zentzugabekeria eragiten duen» sistema kapitalistaren parean aldaketak garatu behar direla ere badiote.

Nahia Lacroix Parisera igorria

Nahia Lacroix eraman zuten atzo Parisera, beti galdekatzeko. Odre,haatik, herenegun gauean askatu zuten, Paueko polizia etxean bi egun pasatu ondoren.

Lacroix ahizpen atxiloketa «euskal gazteriaren kontrako erasoa baino gehiago, Euskal Herrian egiten ari diren urrats kuantitatibo zein kualitatiboen aurkako iraina da», Segiren ustez. Polizia operazio hori «lanjerosa, koldarra eta sekula baino gehiago jokoz kanpokoa» dela gaitzetsi zuen Catalognek. Salatu zuenez, Euskal Herrian garai berri baten alde kokatzen den pertsona ororen aurkako jazarraldia izan da polizia operazioa. Hala eta guztiz ere, Segik aitzina jarraituko duela argi utzi zuen.

Astearte goizeko seietan atxilotu zituzten, Segiko bi militanteak Senperen daukaten etxean. Bost orenez etxebizitza miatu ondoren, hamaikak aldera eraman zituzten Senpereko jendarmeriara, etahortik Paueko polizia etxera. Parisko parketa antiterroristak agindu zituen atxiloketak, eta, berri agentziek plazaratu dutenez, «higiezinen aurkako eraso saioa» egin izana leporatua zaie. Gauean, elkartasunez, 150 lagun inguru elkarretaratu ziren Senperen, eta 10, Kanbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.