Euskal Jai gaztetxeak hamar urte bete ditu, eta denbora horretan hainbat ekimen abiatu dituzte gazteek. Orain, Iruñeko Udalak hustu egin nahi du gaztetxea. Duela egun batzuk argindarra mozten saiatu eta gero, gaur arratsaldeko ordu bietan Udalak ura kentzea erabaki du. Udala plaza berrirako egiten ari diren auzolanak trabatu nahian dabilela adierazi dute Euskal Jaiko kideek.
Hori guztia ikusirik, gazteek agertu dute ez dutela Euskal Jai utziko. Gainera, larunbatean egingo duten manifestaziora joateko deia egin dute.
Gazteek azaldu dutenez, Iruñeko Udalak onartu du Euskal Jai erosi duela. Iruñeko Udalaren politika "iluna eta isilpekoa" dela salatu dute. Izan ere, orain arte Udalak ez du aitortu nahi izan Euskal Jairen jabea dela.
Gaztetxekoek adierazi dutenez, gaztetxea plaza publiko bihurtzeko proiektua abiarazi dute, Alde Zaharreko hainbat talderekin elkarlanean.
Arazoa konpontzeko, Iruñeko Udalean agintzen duten alderdiekin (UPN eta CDN) bilera egitea eskatu dute gazteek. Bileran, Euskal Jairako duten proiektua aurkeztu nahi diote Iruñeko Udalari. Oraingoz, gaztetxea husteko erabakiaren kontra IU-EB, Aralar eta EA agertu direla azaldu dute, eta gaiaren inguruan duten iritzia eman dezatela eskatu diete gainerako alderdiei.
Larunbatean, uztailaren 24an, manifestazioa izango da, eta parte hartzeko deia egin dute. Arratsaldeko bostetan abiatuko da Golem zinematik, “Inposizio politikorik ez Euskal Jai aurrera” lelopean. Gazteek jakinarazi dute hainbat alderdi politikoren, sindikaturen eta talderen babesa dutela.
Ixtiluak goizean
Euskal Jai gaztetxean auzolanean ari dira barruko plaza ondo jartzen. Gaur goizean, furgoneta bat gaztetxeko ate parean geratu da, lanerako behar zituzten gauzak deskargatzeko.
Orduan, dozena bat udaltzain azaldu, eta isuna jarri diete, legez kanpo zamalanak egiteagatik.
gaztetxeak
Gazteek ez dute Iruñeko Euskal Jai gaztetxetik ateratzeko asmorik
Iruñeko Euskal Jai gaztetxea husteko asmoa agertu du Iruñeko Udalak, eta azken egunotan argindarra kentzen ere saiatu da. Argindarra oraindik badute, baina arratsaldeko ordu bietan ura kendu diete. Gazteek Euskal Jai husteko asmorik ez dutela adierazi dute prentsaurrekoan. Horretaz gain, larunbatean egingo duten manifestaziora joateko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu