Euskal identitatea zer den definitzea zaila dela diozu, etengabe eraikitzen ari den zerbait izaki. Baina zuk zein definizio proposatzen duzu?
Orain arte, maila soziologikoan, zer da euskal identitatea izan da ikerketa galdera. Galdera kanpotik etorri da gehienbat, Espainia edo Frantziatik eskatu digute geure burua definitzeko, eta urteak eman ditugu zer da horri jarraitu nahian. Baina autore batzuek diote identitatea soziologikoki ezin defini daitekeela. Stuart Hall-ek, adibidez, 'tatxadura azpiko' identitatearen definizioa proposatzen du; hau da, identitatea nola ulertzen dugun esaten dugu hasieran, baina badakigu ikerketa amaitzean ezabatu beharko dugula. Hor dago, gure ustez, saltorik handiena, zer da galdera atzean utzi eta beste nazio identitateen pare jarriz zelan eraikitzen den horretara pasatzea. Beraz, ezin da soziologikoki definitu, baina sozialki era askotara erantzunda dago. Ikusi dugu gazteek ematen dituzten definizioak desberdinak, konplexuak eta aldakorrak direla.
Beraz, nola eraikitzen den aztertu duzu, eta horretan parte hartzen duten eragileak aldatu ote diren edo ez. Nolako aldaketak ikusi dituzu?
Identitate kolektiboaren eraikuntzan, modu klasikoan, aztertzen dira gu-gu agentea edo talde barruan eraikitzen den identitatea, eta gu-haiek, haiengandik bereiziz eraikitzen dena. Baina Facebooken beste bi topatu ditugu: batetik, haiek-gu ere eraikitzen dutela, eta hori ere ez da berria Espainia eta Frantziari dagokionez, adibidez, baina Facebookek ere ezartzen du harremanak izateko modu jakin bat; arkitektura jakin bat du, eta horren barruan zenbait gauza egin daitezke, baina ezin da askatasun osoz eraiki —adibidez, ez du aukera ematen geure burua euskaldun gisa erregistratzeko—. Bestetik, gure gaur egungo identitatea gure iraganarekin zelan eraikitzen dugun ere ikusi dugu, eta hor aurkitu dugu saltorik handiena; ikusi dugu euskal identitatearen inguruko eraikuntza klasikoaz zelan barre egiten zuten gazteek, adibidez, talde bat osatu eta Euskalduna naiz profileko argazkian mendian ez agertu arren izena jarrita.
Nolako eragina izan du Interneten agerpenak euskal identitatearen eraikuntzan?
Facebooken aurkitu dugu espazio eta tresna pribilegiatu bat euskal identitatea eraikitzeko. Espazio publikoa erakunde politikoek araututa dagoela sentitzen dute gazteek; horregatik, ez dute plazan egoteko joera hori, eta ez badago harremanik, ez dute euskal identitatea eraikitzen. Kalean gazteek ez dute espazio hori aurkitzen, baina Interneten gizarteak aurkitu du bere espazioa egoteko, egiteko eta beste hainbat dimentsiotan eragiteko. Guk egiaztatu dugu gazteek horrela bizi dutela, enpresa pribatu baten espazioa den arren propio egin dutela, mugen jakitun direla, baina horren barruan topatzeko, egoteko eta identitatea eraikitzeko espazioa dutela. Facebook tresna pribilegiatua dela diogu; hipertestu bat eskaintzen du, idatziz, irudiz, bideoz edo taldeak sortuz komunikatzeko aukera emanez, eta, beraz, klik soil batekin euskal identitatea eraikitzeko aukera dago.
Hau izan da zure hipotesi nagusia: "Internet eta on line sare sozialen agerpenarekin, XXI. mende hasierako euskal gizartean leku geografikotik kanpo ere identitate nazionala garatzea posible da". Baieztatu ahal izan duzu?
Hau da aldaketarik nabarmenena: orain arte, nazio identitatea lurralde geografiko baten barruan eraiki izan da, estatu edo nazio batean, edo diasporan, baina Facebookekin, ordea, azterrian diren gazteek erakutsi digute munduko edozein lekutan egonda ere Interneten, sarean nazio identitatea eraiki daitekeela, hodei horretan topatu ahal direla eta muga geografikoak gainditzen dituztela, bestelako muga batzuk ezarriz.
Alvar Peris ikertzaile valentziarrak dio estatu-nazioek uste edo askok nahi baino eragin handiagoa dutela sarean. Gazteek identitate hori eraikitzeko norainoko eragina dute?
Hor dago haiek-gu agentearen garrantzia. Azkenean, Facebooken ikusi dugu gazte pila batek beldurra dutela hainbat gaiez hitz egiteko, batez ere gai politikoez; behatuak sentitzen dira, kontrol soziala hor dago, panoptiko digitala hor dago, eta gai horiek ez dituzte askatasun osoz eraikitzen. Ikusten dugu besteen, haien begiradak gure harreman sozialetan eragiten duela. Beraz, Interneten harremanak muga geografikoetatik gaindi gertatzen badira ere, inondik inora ez dira askeak. Halere, sare sozialak izan daitezke autonomiarako espazioak.
Horiek horrela, zein neurritan oztopatu edo mugatu dezakete sare sozialek identitate hori eraikitzea?
Inportantea da Facebooken arkitekturari arreta jartzea, baina baita alderdi sozialari erreparatzea ere. Mugak egon daitezke, adibidez, Facebooken kultur produkzio gehiena anglosaxoia edo espainiarra izango da; beraz, normala da euskal gazteek partekatzen dituzten elementuak —musika, bideoak...— atzerrikoak izatea eta euskal identitatea erdigune izatetik beste nazio identitate batzuk izatea, nahi gabe. Baina harreman sozialei erreparatu beharra dago, euskal gazteek hortik irteteko erabiltzen dituzten taktikak oso interesgarriak baitira.
Adibidez?
Bada, euskaldun gisa identifikatzeko aukerarik ez dutenez, espainiarrak baino Honolulukoak direla esatea nahiago dute batzuk adibidez, hortik bilatzen dituzten irtenbideak mugak gainditzeko. Deigarria da ere zenbat gaztek espresuki jartzen duten izen gisa Koldo-euskalduna , Koldo-Bilbokoa eta antzerakoak, lurraldetasunari edo nazio identitate sentimendu bati erreferentzia eginez.
Mundu errealeko harremanek mundu birtualekoak baldintzatzen dituztela agerikoa da. Alderantziz ere gerta al daiteke, gazteengan ikusi dituzun praktiken arabera?
Espazio birtualean izaten diren harremanak ere oso errealak direnez, off line-on line espazioez hitz egiten da gehiago. On line eta off line -aren artean etengabeko harremana gertatzen da. Hiperespazioaz hitz egiten dute batzuek, on line eta off line espazioak uztartuta gertatzen direla; adibidez, parrandan gaudela sakelakoarekin argazki bat atera eta momentuan Facebooken jar dezakegu.
Euskarari dagokionez, euskal identitatearen oinarri nagusietako bat den neurrian, zer-nolako erabilera ikusi duzu gazteen artean?
Ez dugu neurtu zenbat solasaldi izan diren euskaraz eta zenbat erdaraz, baina kualitatiboki jaso duguna da euskara zela haientzat erreferente nagusia, gainera maiz erabiltzen zutela eta atzerrian zeudenean are gehiago, herrimin horrek-edo euskaraz hitz egitera bultzatzen zituela. Gainera, euskara da halako on line espazio batean komunitatea osatzeko zure solaskidea euskalduna dela identifikatzeko modurik arinena.
Kalean pare erabiltzen dute gazteek on line espazio horretan?
Bai, berriro ere off line eta on line- aren arteko uztarketa dagoelako. Baina, gainera, haiek aipatzen zuten lasaiago hitz egiten zutela euskaraz on line espazioan; lagun arteko espazioa da, okerrak egitea baimenduta dago, eta batzuek hitz egiten duten moduan idazten dute. Beraz, espazio horrek ere laguntzen die euskaraz aritzen.
Identitatearen eraikuntzan aktore berriak agertzeak modu tradizionalek pisua galtzea ekarri dute?
Nik uste dut biak mantentzen direla, logika ezberdinak direla. Tentuz aritzeko, esango nuke espazio berri bat uztartzen dela eta orain arte ezagutu ditugun gainerako guztiak zipriztintzen dituela: komunikabideak ukitzen ditu, erakunde politikoak, lana, eskola, kultura… Hodei hori denen tartetik sartu da, denen gainean dago.