Abenduaren 6an, «arrotza eta eskubide urratzailea den» Espainiako Konstituzioaren egunean, eskubide zibil eta politikoen aldarrikapenaren lekuko izango da Durango. Eskubide zibil eta politikoen defentsan, gazteria aurrera! lelopean, mobilizazioa iragarri dute gazte eragileek. Deitzaileen artean daude, Gazte Abertzaleak, Musikherria, Ikasle Abertzaleak, Topatu.info, Bizigay, gazte independentistak, Elkarlana, Alternatiba Gazteak eta Gazteherria. Atzo Durangon bertan emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, manifestazioa 17:30ean aterako da, Landako erakustazokatik.
Antolatzaileen arabera, errepresioak urratu egiten ditu gazteen eskubideak. Horren adibidetzat jo dituzte «atxilotu, torturatu eta espetxeratutako gazte independentistak». Nabarmendu dutenez, lan politikoa egitea da gazte horien kontra egiteko arrazoia.
Eragileen iritziz, gazteriak lanean aritzeko zilegitasun osoa du. Horregatik eskatu duteproiektu eta ideiak askatasun osoz defendatzeko aukeren berdintasuna eta eskubideen bermea. Era berean, Espainiak aldarrikapenei entzungor egin eta errepresioa areagotuz erantzun diola kritikatu dute. Haien ustetan, arriskutsutzat dituztelako atxilotzen dituzte. «Baina egoera ikusita, zein da benetan arriskutsua? Zein da eskubideak urratzen dituena? Zein da mehatxatu, jipoitu eta torturatzen duena? Gu, ez».
Egingo dutena ez da salatzea bakarrik izango, ordea: «Elkarlanetik, ilusio eta konpromisoz lanean jarraitzeko asmo sendoa dugu».
Gazteen eskubideen aldeko martxa egingo dute Durangon
Abenduaren 6an egingo dute manifestazioa, bederatzi gazte taldek antolatuta, eskubide zibil eta politikoen alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu