Gazteen eta 60 urtetik gorakoen txertaketa aurreratzea baztertu du Jaurlaritzak

Delta aldaera gehiengo bilakatuko dela aurreikusi dute

Erizain laguntzaile bat emakume bat AstraZenecarekin txertatzen. IDOIA ZABALETA/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 30a
13:53
Entzun

«Txertaketa plangintzaren helburua adin irizpideak mantentzea da», horrelaxe laburbildu du Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioaren zuzendariak txertaketak hartuko duen bidea. Ez dituzte, beraz, gazteen zein AstraZenecaren lehen dosia hartu zuten 60 eta 69 urte artekoen dosiak aurreratuko. Bi arrazoirengatik: lehenengoan, adin irizpidea mantenduko dutelako, eta adin tarte zaharrenetan arrisku gehiago izan daitezkeela uste dutelako. Bigarrenean, aldiz, AstraZenecaren txertoen eraginkortasuna mantentzeko.

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin du agerraldia Larizgoitiak, txertaketa plangintzako irizpideen berri emateko. Kutsatzeen gorakadaren aurrean, eta batez ere agerraldi horietan mutazio berri eta kutsakorragoak nagusi diren heinean, zein neurri hartuko dituzten galdetu dio Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Izan ere, Larizgoitia berak ere onartu du kezkagarria dela birusaren aldaera berrien presentzia: Alfa delakoak jada kutsatzeen gehiengoa ekarri du, eta aurreikusi du Delta bilakatzea nagusi hilabete batzuen buruan. Horren aurrean txertaketa plangintzarekin jarraitzea ezinbestekoa dela adierazi du, eta bestalde, mugikortasuna murriztu behar dela: «Normalitatea eskainiko digun fase bat behar dugu, gure osasunagatik. Baina oraindik gure jarrera mugatuko duten zenbait neurri behar ditugu».

Horren harira, koalizioak, aurretik ere eskatu zuen Osasun Sailean, Europako zenbait herrialdetan egin bezala, AstraZenecaren lehen dosia hartu duten 60 eta 69 urte artekoen bigarren dosia aurreratzeko. Izan ere, agerraldi berrietan zaurgarrienak izan daitezke adin tarte horretakoak. Larizgoitiak, aldiz, txertoaren eraginkortasuna lehenetsi du, eta adierazi du hamabi aste direla eraginkortasuna bermatzen duten epea. Eta horregatik, ez dutela aurreratuko.

Larizgoitiak azaldu du txertaketa plangintzak helburu zehatz bat duela: birusaren erikortasuna eta hilkortasuna gutxitzea, kolektibo zaurgarrienak babestuz. Horretan oinarritu du adin irizpideak mantentzearen aldeko hautua, jadanik beste arrisku faktoreak dituzten kolektiboen txertaketa faseak akituta daudela argudiatuta. Hala ere, plangintza martxa onean doala iritzi dio, eta jakinarazi du «gutxi barru» hasiko direla 30 eta 39 urte artekoen txertaketa orokortzen. Abuztu amaierarako aurreikusi du jada helburu den 20-29 urte artekoen txertaketa bukatuta, beste adin tarte batzuen plangintza prestatzen hastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.