Gazteen txertaketa aurreratzeko eskatu du Jaurlaritzak

Horretarako eskumena autonomia erkiegoetako gobernuek dutela gogorarazi du Espainiako Gobernuak

Gazte bat txertoa jasotzen, Donostian. GORKA RUBIO/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 1a
10:27
Entzun

Azken egunotan izandako kasuen gorakadak kezka piztu du Eusko Jaurlaritzan, batez ere gazteenen artean egin baitu gora intzidentziak: oraindik txertorik jaso ez dutenen artean. Orain arte txertaketa plangintza moldatzearen aurka azaldu bada ere, atzoko Espainiako Osasuneko Lurralde Arteko Kontseiluan gazteen txertaketa aurreratzeko eskaria egin zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, kutsatzeen gorakada hesitzeko asmoz.

«Komenigarria litzateke txertaketa irizpideak berrikustea», iritzi zion Sagarduik. Argudiatu zuen gazteen artean harreman sozialak areagotzen ari direla, eta horren ondorioz sortzen ari diren kutsatzeak geldiarazteko txertaketa proposatu zuen. Atzoko Osakidetzako eta Osasunbideako datuek 366 kutsatu jaso zituzten, horietako gehien 19 eta 39 urte artean.

Kontseiluak ez zuen gaia landu atzoko bileran. Hala ere, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak gogorarazi zuen autonomia erkidegoetako gobernuek dutela eskumena txertaketa aurreratzeko. Hain zuzen ere, neurri horren alde egin du ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak, Delta aldaeraren hedapena geldiarazteko: kutsakorragoa eta erikorragoa baita aldaera hori.

Estrategia aldaketa egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Sagarduriren adierazpenak atzo bertan egondako Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egindakoen aurkako bidetik joan ziren. Bertan izan zen Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Adizkioen zuzendaria, eta adin irizpideak mantentzearen aldeko hautua egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.