«Gazteen ustez, zein hizkuntza erabili hautu pertsonala da»

Gazteen hizkuntza erabileran eragiten duten faktoreei buruzko ikerketa aurkeztu du Asier Basurtok XV. Jagon jardunaldietan.

mikel rodriguez
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiak XV. Jagon jardualdiak egin zituen atzo, akademiaren Bilboko egoitzan. Aurtengo ekitaldian Gazteak, aisialdia eta euskara gaia izan dute aztergai. Mahai-inguruek eta hitzaldiek bete zuten egun guztiko egitaraua. Goizean egin zuen hitzaldia Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko teknikariak (Donostia, 1985). Gazteen hizkuntza erabileran eragiten duten faktoreen inguruan Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren berri eman zuen bertan.

Zer adineko gazteekin egin duzue ikerketa?

Lehenik eta behin, ikergaia mugatu behar genuen, eta, horretarako, erabaki beharra genuen zer zen gaztea, eta zer zen erabilera. Lehenengoari dagokionez, gaztetxo, nerabe eta horrelako terminoak baztertu genituen, eta gaztea erabiltzea erabaki genuen, zabalena iruditu zitzaigulako. Horregatik, adin tartea ahalik eta zabalena hartzen saiatu ginen: 12 eta 30 urteen artean. Erabilerari dagokionez, erabilera ez formalean zentratu ginen, hau da, inoren gidaritzarik ez duen erabileran.

Nola egin duzue azterketa?

Ez dugu datu bilketarik egin. Alde batetik, 2008an arlo ezberdinetako adituekin -publizitatekoak, hedabideetakoak, ikastetxeetakoak, euskara elkarteetakoak...- bildu ginen, eta hausnarketa prozesu bat egin genuen. Horren ondotik, hainbat gazte talderekin tailerrak egin genituen. Ingurune soziolinguistiko eta adin ezberdinetako gazteak bildu genituen. Guztiei galdera bera egin genien: zuen ustez, zerk eragiten du gazteen hizkuntza erabileran? Gure lana izan da ateratako erantzunak bildu, txukundu eta laburbiltzea.

Zein faktorek eragiten dute gazteen hizkuntza erabileran?

Guk hiru multzotan sailkatu ditugu, Iñaki Martinez de Luna EHUko irakasle eta Soziolinguistika Klusterraren sortzaileetako baten eredua jarraituz. Multzo batean faktore indibidualak daude. Bigarren multzoan, berriz, faktore mikrosozialak, hau da, norberaren ingurune hurbila: familia, koadrila, lagunak eta bikotea, eta eskola edo lana. Hirugarrenik, faktore makrosozialak daude. Horiek, gutxi gorabehera, berdinak dira guztiontzat: testuinguru politikoa, komunikabideak...

Adituek eta gazteek proposatutako faktoreak erkatuta, zer ondorio atera duzue?

Oso antzeko faktoreak identifikatu dituzte. Nahiz eta hitz ezberdinekin adierazi -gazteek naturalago, eta adituek teknikoago-, denek identifikatu dituzte antzeko aldagaiak.

Bien artean, zein ezberdintasun izan dira nabarmenenak?

Gazteei, adibidez, zailagoa egiten zaie beraienak bezalakoak ez diren errealitate gehiago daudela ikustea. Bakoitza testuinguru batean bizi da, eta adituei baino gehiago kostatu zaie ariketa hori egitea. Ikusi dugun beste joera bat da, faktoreak sailkatzerako orduan, gazteek gehiago jo dutela maila indibidualera. Horregatik, pentsa dezakegu gazteen ustez, zein hizkuntza erabili hautu pertsonala dela. Adituek diote, baina, gizartearen joerek gehiago baldintzatzen dutela hori.

Dena den, hizkuntza bat edo bertzea erabiltzea norbere hautua dela pentsatzea nahiko hedatua dago gizartean.

Izan liteke, baina gure ikerketan parte hartu duten heldu bakarrak hizkuntzaren normalizazioaren arloan esperientzia dutenak dira, eta horiek gizartearen eragina nabarmendu dute erabaki pertsonalaren gainetik.

Gazte elebidunen artean badago joera adin jakin batera ailegatzean hizkuntza erabilera aldatzeko.

Hausnarketa prozesuan asko hitz egin dugu adinari buruz, baina ez dugu faktoretzat jo. Azken finean, adinaren arabera norberaren pertzepzioak, ingurunea, jarrera, identitatea, gaitasunak eta abar aldatzen dira, eta horien arabera aldatuko da erabilera.

Erabilera aldatzerakoan, euskara da albo batera gelditzen dena?

Badirudi horrela dela, baina hori ez dugu neurtu ikerketa honetan, eta ezingo nuke esan.

Norbera bizi den lurraldea bada erabileran eragiten duen faktorea?

Guk ez dugu zuzeneko faktoretzat hartu. Norberaren harreman sareetan dauden hizkuntza arauak eta ohiturak, hau da, familietan edo auzoetan, lurraldearekin lotutako faktoreak dira. Lurraldeen arteko lege ezberdintasunak, berriz, testuinguru politikoarekin lotu ditugu.

Familiako hizkuntza zein mailataraino da erabakigarria?

Gazteekin, kontuan hartu behar dugu haurtzaroan hizkuntzarekiko sentipen eta bizipen batzuk izan dituztela. Gaztaroan hartzen dituen erabaki guztiak aurreko oinarri horretatik datoz. Beraz, eragina du neurri handi batean, baina gure ikerketaren helburua ez da izan faktore bakoitzak zenbaterainoko eragina duen ikertzea. Tresna bat sortu dugu, erabili nahi duenak balora dezan bere inguruan zerk duen eragin gehien edo gutxien.

Erabilera praktikoa eman nahi diozue ikerketari.

Bai. 2011ko lehen hiruhilekoan argitaratzeko gida antzeko bat prestatzen ari gara. Maila akademikotik kaleko hizkuntzara ekarri nahi dugu, udalekuetako begiraleak edo kirol entrenatzaileak erabil dezan, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.