Astelehenean Patxi Lopez lehendakariak eta Juan Vicente Herrara Gaztela eta Leongo presidenteak egingo duten bileraren aurretik, bi horiek Trebiñuko herritarrak entzun ditzatela eskatu du Trebiñuko Udalak adierazpen batean. Idatzi bat onartu dute udalean, eta, Efe albiste agentziak iragarri duenez, bi agintariei helaraziko diote euren eskakizunarekin.
Lopez eta Herrera gizarte zerbitzuen inguruan hitz egiteko bilduko dira astelehenean, eta bileraren berri prentsaren bitartez izan dutela salatu du idatzian Trebiñuko Udalak. Trebiñuz hitz egitea baztertu dute bi agintariek. Udalak, ordea, gogoraraziko die 1998an trebiñarrak Gaztela eta Leonen edo Araban egon nahi duten erabakitzeko erreferendum baten alde agertu zirela.
Bart onartu zuen adierazpena Trebiñuko Udalak, herriko bi hautes-elkarteen lau zinegotzien eta Bilduren eta EAJren zinegotzien babesarekin. PPko hiru zinegotziek kontra bozkatu zuten, baina ohartarazi zuten bileraren aurretik egoki zela trebiñarren iritzia jakitea.