Marti Gasull (Barcelona, 1979) Plataforma per la Llengua katalanaren aldeko taldearen bozeramailea da. Katalanaren eta euskararen norabidean lagundu dezakeen aktibismoari buruz hitz egin zuen atzo Iruñeko Planetariumean, Kontseiluaren Euskararen unibertsoak pauso bat harago jardunaldietan. Gasullek proposatzen duen aktibismoa eraldatzailea, tolerantea eta kohesionatzailea da, ez banatzailea. Katalanaren eta euskararen normalizazioa lortze aldera, lehendabiziko pausoa gaztelaniarekin parekatzea dela dio.
Zein da katalanaren egoera?
Galdera zaila da. Guk alde onetik ikusten dugu. Katalanaren erabileraz galdetzen badidazu, hobetu dela esango dizut. Arlo pribatuan gero eta enpresa gehiagok erabiltzen dute katalana beren jarduerak egiteko orduan. Beraz, alde horretatik, ongi. Beste aldetik, gizartea banatu da. Orduan, hiztun katalanen jaitsiera izan da. Horregatik, guk etorkinekin lan egiten dugu. Etorkinek ikusi behar dute katalana, zein euskara, hizkuntzakomuna dela.
Eta euskararen egoera, nola ikusten duzu?
Adibidez, harritu nauen egoera bat bizi izan dut. Iruñera hegazkinez etorri naiz, eta iritsi naizenean errotulu guztiak gaztelaniaz eta ingelesez daudela ikusi dut, eta pentsatu dut: a zer arraroa! baina hemengo hizkuntza ez du euskara izan behar? Hiriko errotuluetan ere euskara txikian agertzen da. Badakit Donostian egoera bestela dela. Gero, hezkuntzako hiru ereduak; sinestezina da. Katalunian, D eredua izango zena dugu. Horrek gizarte kohesioan laguntzen du; izan ere, gaztetxoek katalana ikasten dute gaztelaniarekin batera. Ikerketa bat egin zen, Kataluniako gazteek gaztelania zenbat zekiten jakiteko, eta ikusi zen oso ongi dakitela.
Zer egin behar dute gobernuek eta administrazioek katalanaren eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko?
Harrigarria dirudien arren, lehenengo gauza hizkuntzak despenalizatzea da. Gaztelania eta katalana, edo euskara, parekatu behar ditugu. Batzuk esaten dute: baina gehiago egin behar dugu. Bai, baina lehenengo gauza hizkuntzak parekatzea da. Gaur egun, 500 lege baino gehiagok katalanaren eta euskararen kontra jotzen dute, gaztelania goraipatuz. Horregatik, katalanaren eta euskararen aldeko lege positiboak egin behar dira. Gainera, euskarak gizateriaren ondare izan beharko luke, horregatik garrantzitsuagoa da legeak berdintzea.
Katalanaren eta euskararen alde lan egiten duzuen taldeek, nola lagundu elkarri? Baduzue harremanik zuen artean?
Kontseiluak antolatutako jardunaldi hauek adibiderik onena dira. Plataforma per la LlenguakKontseiluarekin lan egiten du: informazioa elkartrukatuz, ikerketak eginez, eta abar. Gainera, enpresa batean katalana erabiltzea lortzen badugu, euskaraz ere jarri dezake, ezta? Diskriminaziozko legediek bi hizkuntzetan dute eragina, horregatik, legeak aldatuz, bien egoera aldatzen dugu.
Talaia aparta da zuen plataforma errealitatea ikusteko. Zer ikusten da bertatik? Zein dira katalanaren ahuleziak?
Lehen aipatutako 500 diskriminaziozko legeak, eta ez dela erabiltzen. Aurpegi ezaugarri ezberdinak dituen norbaitekin, etorkina delakoan, gazteleraz hitz egiten badugu, atzerapauso bat da. Katalanez egin behar dugu ahal dugun guztia. Ez badigute ulertzen, orduan bai, baina bestela beti katalanez. Eta hori, euskararekin berdin gertatzen da.
Zeintzuk dira zuen plataformaren jarduna bultzatzen duten helburu nagusiak?
Txantxa bezala esaten dugu plataforma desagertzeko jaio zela, horrek esan nahiko lukeelako katalana Europako beste gutxieneko hizkuntzak bezala berdinduta legokeela. Ez dugu gaztelaniarekin bukatu nahi, aniztasuna nahi dugu, baina katalana hizkuntza komuna izatea nahi dugu.
«Gaztelania eta katalana, edo euskara, parekatu egin behar ditugu»
Katalanak eta euskarak gizarte kohesiorako hizkuntzak izan behar dutela defendatzen du. Hori lortzeko lan egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu