Hezkuntza

Gaztelania "mailukadaka" ezarri nahi izatea egotzi dio EAJk Werti

Josu Erkoreka parlamentariaren arabera,  "hizkuntza nagusia indartu, eta ahulak are gehiago ahultzea" nahi du PPk. "Wertek berriro harrotu ditu bazterrak". Hezkuntzaren inguruko akordio guztiak apurtzea egotzi dio, berriz, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak. "PPk PPrentzat egindako erreforma da".

ainara arratibel gascon
2012ko abenduaren 5a
21:01
Entzun

"Akordio guztiak apurtzea" . Horixe egotzi dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Isabel Zelaak Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Werti. "Egin nahi duen erreforma PPk PPrentzat egindakoa da. PPren eskuin muturrean daudenak asebete nahi ditu". Wertek atzo iragarri zuen erreforma.

Atzo egin bezala, Zelaak salatu du euskara hirugarren mailako hizkuntza bihurtu nahi duela Wertek, "espezialitateko" hizkuntza bihurtuz. "Gezurra da orain arte ez zenik bermatzen gazteleraz ikastea". Ikasleen artean ezarri nahi duen "bereizketa" ere kritikatu du: "Parekidetasun eta berdintasun printzipioen aurka doa". Erlijio ikasgaiaren inguruan zegoen adostasuna hankaz gora jartzea ere leporatu dio. Erreformak "kostu sozial handia" izango duela uste du. "Ikasleentzat, irakasleentzat, familientzat, autonomia erkidegoentzat... Guztientzat izango du".

Horren aurrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema defendatzera deitu ditu alderdi politiko eta gizarte eragileak. "Blindatu egin behar dugu, orain arte emaitza apartak eman baititu". Helegitea jartzeko aukeraz galdetuta, nabarmendu du erreformak lege izaera hartu arte ezin dela hori egin. "Hori kudeatzea dagokionak hartu beharko du erabakia. Baina gure sistemaren eta eskumenen aurka joanda, helegitea jartzearen aldekoak ginateke gu".

EH Bilduk legebiltzarraren ezohiko eta premiazko bilkura eskaera ez du onartu Tejeriak

EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordearen ezohiko eta premiazko bilkura eskatu du gaur, taldeen gehiengoak Espainiaren erreformari ezezkoa emateko. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak erantzun du Bozeramaileen Batzordean eztabaidatu nahi den gaia ez dagoela organo horren eginkizunen artean. "Eskatu den deialdiaren xedea eztabaida sortzea da, erantzun edo ebazpen bat izateko, eta hori erabaki ahalmena duen ganberaren organo bati dagokio, hala-nola batzorde bati edo osoko bilkurari", dio Tejeriaren oharrak.

Unai Urruzuno eta Belen Arrondo legebiltzarkideek esan dute erreformak ez duela aintzat hartzen euskal gizartearen hezkuntz eta hizkuntz errealitatea. "Beharrezkoa dugu herri burujabea izatea, honelako inposaketen menpe ez egoteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.