Gaztelugatxe (Bizkaia) Paisaia Kulturala kategoriaren barruan Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko prozesuari ekin dio Eusko Jaurlaritzak, eta, astelehen honetatik aurrera, hogei eguneko epea dago helegiteak aurkezteko.
Lekuak 1998. urtean onartutako ingurumen babes bat eduki du orain arte. Orain, ordea, ingurua Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta adierazi duenez, horrela izendatzea «aurrerapauso bat da haren aitortza eta babesean».
Gaur aurkeztu den babes-espedientean, Gaztelugatxek duen balio historiko-arkitektonikoa eta paisajistikoa nabarmentzen da, materiala —elementu arkitektonikoak eta paisaia arlokoak— zein immateriala —zeinu kulturalek eta erlijiosoek osatutakoa—. Gainera, naturaren eta arkitekturaren arteko sinbiosia azpimarratzen da: «Lekua edertasun handiko paisaia ingurune baten zati da, eta nabarmentzekoak dira itsasertzaren ikuspegiak zubiaren bi aldeetara: ekialdera ageri dira badia eta Gaztelugatxe, eta Aketx uharteak, eta mendebaldera, itsaslabarrak, Bakioko bistetan txertatzen diren harkaitz azaleratzeekin. Gaztelugatxe kokagunearen berezitasuna arkitekturaren eta paisaia naturalaren arteko sinbiositik dator».