Nerabeen %45ek beren adinerako gomendatuta ez dauden bideojokoetan jarduten dute

11-16 urte arteko 1.396 ikasleri galdera eginda, Nafarroako Ikastolen Elkarteak inkesta bat egin du teknologia berriak nola erabiltzen dituzten argitze aldera; gaur jakinarazi ditu emaitzak.

(ID_17060987030085) (/EZEZAGUNA)
Janire Gracia eta Josu Reparaz gaurko agerraldian. BERRIA
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 24a
14:45
Entzun

«Emaitzek adierazi digute jarraitu behar dugula ikasleekin eta familiekin gai honen inguruan lanean». NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak agerraldia egin du gaur, ikasleek teknologia berriak nola erabiltzen dituzten jakiteko egin duen inkesta baten berri emateko. Janire Gracia pedagogia aholkulariak azaldu ditu ikerketaren emaitzak, NIEko zuzendari Josu Reparazekin batera. 11-16 urte artekoei egin diete galdera; alegia, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoei, eta DBHkoei, hamalau ikastolatan; 1.398 ikaslek parte hartu dute denera. Ondorioetako bat horra: nerabeen %45ek beren adinerako gomendatuta ez dauden bideojokoetan jarduten dute.

Nafarroako ikastoletan eskola jazarpenaren aurka abian dituzten egitasmoekin lotu dute inkesta hau. Kiva ereduarekin 2016tik lanean ari direla gogoratu dute, 4.254 eta 739 langile daudela murgilduta horren harira abian diren jardunbideetan. Inkesta honekin argitasun pixka bat gehiago lortu nahi izan dute urrats horietan sakontzen jarraitzeko: «Azterlan honek ematen digun informazio guztia gure ikasleek, irakasleek eta familiek Internet, sare sozialak eta harremanetarako, informaziorako eta komunikaziorako teknologiak modu osasungarrian eta arduratsuan erabiltzeko behar dituzten jarduerak bideratzeko erabiliko dugu».

Teknologiak ekarri duen mundu hori guztia «heziketaren parte garrantzitsua» dela nabarmendu du Graciak, eta erabilera okerrak saiheste aldera ezinbestekoa dela eskoletan ikasleekin egiten den lana, eta gurasoak ere jardunbide horietara hurbiltzea.

Sei arlo aztertu dituzte inkestan. Horra, atalez atal, horietan agertu diren hainbat datu:

Sare sozialen erabilera

 

 

Graciak nabarmendu du nerabeek, oro har, emozio «positiboekin» lotzen dutela sare sozialen erabilera. «Lasaitasuna eta plazera» lortzeko bideak direla sentitzen dute gehienek. Inkestan erantzun dutenaren arabera, zertarako erabiltzen dituzte? «Entretenitzeko, informatzeko eta lagunak egiteko; hurrenkera horretan». %49 hiru sare sozialetan baino gehiagotan daude; %45ek berehalako mezularitzako aplikazio bat baino gehiago dute. Zeintzuk erabiltzen dira gehien? Horra horiek ere, ikasleek adierazitako hurrenkeran berriro: «Whatsapp, Tiktok, Youtube eta Instagram».

Egoera desegokiak

 

Inkestaren arabera, gazteen %80k uste dute teknologia berriekin lotutako aplikazioak modu «seguruan» erabiltzen dituztela. Babesgabetasuna erakusten duten zantzuak ere ikusi dituztela ohartarazi du, ordea, Graciak. «Esaterako, %30k pasahitz bakar bat erabiltzen dute», azaldu du. Haren ustez, horrek erakusten du hor oraindik badela zer «landua». Erabilera desegokiak ere agertu dira datuetan. «Ikasleen %30ek telefonoaren aurrean bazkaltzen dute», azaldu du Graciak. «%16k pornoa ikusi dute». Egunean ordu bat edo bi egiten dituzte, batez beste, eskuko telefonoarekin.  

Bideojokoak

 

Atal honetan ere agertu dira erabilera desegokiak. Hain justu ere, gaztetxoen eta nerabeen %45ek onartu dute beren adinerako gomendatuta ez dauden bideojokoetan jarduten dutela. %42k adierazi dute «jende berria» ezagutu dutela jolas saio horietan. Inkestan jasotako datuen arabera, egunean ordubete gutxiago ematen dute, batez beste, bideojokoetan. Baina aski esparru garrantzitsua dira gaztetxo askorentzat, erreferentziala; beren geroa mundu horren inguruan irudikatzera ere heltzen dira, eta profesionalak izan daitezkeela pentsatzera: «%27k uste dute gamer profesionalak izan daitezkeela». 

Online apustuak

 

Adingabeak dira inkestan parte hartu duten ikasle guztiak, eta legez dirua jokatzerik-eta ez dute. Baina online apustuen mundura heldu direla erakusten du inkesta honek, portzentaje apal batean bada ere. «%8k bakarrik egin dituzte kirol apustuak. Txikia da ehunekoa, baina erne egotera behartzen gaitu», aitortu du Graciak. 

Familiak

 

Gurasoak teknologia berriekiko hartu-emanetan zer-nola ikusten dituzten jakin nahi izan dute inkestaren zati honekin, eta teknologia horien erabilerarekiko zer irizpide ematen dizkieten seme-alabei. Horra hainbat datu adierazgarri. Gaztetxoen %54k uste dute teknologia horien inguruan eurek baino «gutxiago» dakitela gurasoek. %30ek esan dute aplikazioetan-eta ibiltzeko tarteak-eta «mugatu» egiten dizkietela gurasoek; %23k, berriz, ez dietela «ezer esaten». Datu horiei begira «gurasoen lanari» buruzko ondorioak eta iradokizunak ere atera daitezkeela adierazi du Graciak, familiaren eta eskolaren arteko elkarlanik gabe nekez lortuko baita erabilera okerrak saihestea.

Ikastola

 

Gaztetxoen %41ek uste dute irakasleek, oro har, beraiek baino «gehiago» dakitela teknologia berrien inguruan. Datuaren harira, Graciak nabarmendu du hezkuntzako profesionalak arloan «trebatzeko» ahalegin handia egin dela urteotan, eta ahalegin hori emaitzak ematen ari dela. Ikastoletan jasotzen ari diren konpetentzia digitala zer iruditzen zaien ere galdetu diete ikasleei; batetik bosterako mailaketa batean, laukoa dela esan dute. «Beraz, altua dela uste dute».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.