Gaztetxoenekin lantzeko unitate didaktikoak aurkeztu ditu Euskaraldiak

Irailetik hasi eta abendura arte lantzeko unitate didaktikoak aurkeztu dituzte, euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin.

Euskaraldiko aurkezpena gaur Donostian. EUSKARALDIA
Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 10a
14:04
Entzun

Ofizialki azaroaren 20an hasiko da, baina beroketak egiten hasia da jada Euskaraldia. Ikastolen Elkarteak, Gipuzkoako Urtxintxa eskolak eta Irrien Lagunak elkarteak sortutako material didaktikoa aurkeztu dute gaur, ikastetxeetan lantzeko; baita hezkuntza ez-formalean eragiteko ere. Euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburua du materialak.

Euskararen aldeko eragilez lepo egon da gaur Donostiako Koldo Mitxelena liburutegia (Gipuzkoa). Unitate didaktikoaren sortzaileez gain, bertan izan dira Euskaraldiaren beste zenbait eragile ere: Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaile nagusia, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskararen Institutuko zuzendaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea.

Euskararen erabilera bultzatzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko orduan, hezkuntza formalak duen zeregina azpimarratu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak. Are harago joan da Maite Asendio Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzailea; hizkuntza praktiketan haurren beren rol aktiboa garrantzitsua dela adierazi du, eta, hain zuzen ere, haur eta lehen hezkuntzan izan dezaketela eragin handiena unitate didaktikoek.

Dena den, materiala ez da gaztetxoenetan zentratzen soilik; hezkuntza sistema goitik behera zeharkatzen du hiru eragileek proposatutako material didaktikoak. Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo eta Lanbide Heziketara arteko unitate didaktikoak aurkeztu dituzte. Unitate horiek lantzeko, Euskaradinamizatzaileak izeneko ikasle zein irakaslez osatutako talde dinamizatzaileak osatzea proposatu du Unai Arellano Ikastolen Elkarteko ordezkariak. 

Hiru fasetan banatu dute formakuntza: lehena, Euskaraldirako prestaketa. Irailean hasita, Euskaraldiaren egunera arte —azaroak 20— izango da lehen fasea. Helburua ikasleak girotzea da, egitasmoa ezagutaraztea eta jendea animatzea parte har dezan.

Bigarren fasea Euskaraldia bera da, azaroaren 20tik abenduraren 4ra. Aurreko aldian bezala, “bidean ager daitezkeen oztopo eta konponbideak aztertzea eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta aktibatzea” du helburu egitasmoak. Eta azkenik, hirugarren fasea, behin Euskaraldia bukatzean abiatuko da. Bi aste horietan emandako aurrerapausoak, aldatutako hizkuntza ohiturak mantentzea du helburu.

Hezkuntza ez-formalari ere begira

Ikastetxeetara soilik ez, haurren eremu ez-formalera zuzendutako materiala ere sortu dute hiru eragileek. Hain zuzen ere, Irrien Lagunak elkarteko Garazi Urrosolok horixe azpimarratu du. Haurrekin eskolatik kanpo aritzeko beste metodologia batzuk ere sortu nahi izan dituztela, haientzat erakargarriagoak izan daitezen. Harekin bat etorri da Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarriz, esparru ez-formala hezkuntzan egiten den lanaren osagarri “ezinbestekoa” dela adieraziz.

Hori horrela, urrian Irria aldizkariaren ale monografikoa kaleratuko dutela jakinarazi du Urrosolok, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendua. Aldizkariak lau atal izango ditu, euskararen munduko aurpegi ezagunek sortutako komikiz, olerkiz, abestiz eta ipuinez josita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.