Iazko uztailaren 1etik, puntukako gidabaimena Hego Euskal Herrian indarrean jarri zenetik, gehiegizko abiaduran ibiltzeagatik kendu dizkiete puntu gehienak gidariei, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera.
Guztira 117.495 puntu kendu dituzte trafikoa zaintzeaz arduratzen diren poliziek. 64.286 puntu (%54) gehiegizko abiaduran ibiltzeagatik kendu zituzten.
Herrialdeka, Bizkaian kendu dute puntu gehien: 51.647. Gutxien, berriz, Araban: 12.789. Alkohola eta droga hartzeagatik 14.111 puntu kendu dituzte trafiko arduradunek (%12). Hain zuzen ere, Gipuzkoan kendu dute puntu gehien arrazoi horregatik.
Bestalde, Hego Euskal Herri osoan gidabaimena kentzeko 154 espediente tramitatu zituzten agintariek, gehienak Bizkaian.
Vicente Ripa Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak urtebeteko balantzea egin zuen atzo. Ripak «ontzat» jo zuen puntukako gidabaimenaren emaitza, urtebetean %40 jaitsi delako Nafarroako errepideetan istripuz hildakoen kopurua. Ripak herrialdeko errepideen «egoera ona» eta segurtasun indarren lana ere goraipatu zuen.
Hego Euskal Herrian %34 jaitsi da iazko uztailetik aurtengoko uztailera errepideetan hil diren pertsonen kopurua, aurreko urte tarte berarekin alderatuta. 2005eko uztailetik 2006ko uztailera 195 lagun hil ziren errepidean, eta puntukako gidabaimena indarrean jarri denetik, berriz, 130. Azkena, ekainaren 30ean bertan, gaueko 23:00an, Urnietan (Gipuzkoa).
BIZITZAK SALBATZEA. Ripak atzo esan zuenez, puntukako gidabaimenaren zeregina «bizitzak salbatzea» da. «Egia da izaera zigortzailea duela, zeren eta frogatuta baitago zigorra dela gidarien arduragabekeriaren aurkako antidotorik onena». Baina, bestalde, gogoratu zuen izaera zigortzailea ez ezik izaera hezitzailea ere baduela. Azpimarratu zuen bederatzi ikastaro eman dituztela Nafarroan, puntuak galdu dituzten gidariek berreskuratu ahal izateko. Ikasturte horietara 40 lagun joan dira, guztiak ere gizonak, eta, batez beste, 32 urtekoak. Nafarroan gidabaimena kendu zaien gidari gehienak gizonezkoak izan dira (36 urte ingurukoak), eta emakume bakarra dago egoera horretan.
Ripak adierazi zuenez, puntukako gidabaimena modu honetara hartu behar da: gizarteak gidariari emandako kreditu bat bezala. Horregatik, gidaria «arduratsuago eta solidarioago» bilakatzen duela nabarmendu zuen.
Izan ere, Riparen arabera, puntukako gidabaimena ez dago egina arauak betetzen eta errespetatzen dituzten gidarientzat, baizik eta «behin eta berriz urratzen» dituztenentzat. «Gidari onentzat ez da ezer aldatu, edo,zerbait aldatu bada, segurtasun handiagoz gida dezaketela, horixe aldatu da», adierazi zuen Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak.
Gehiegizko abiaduran gidatzeagatik kendu dituzte gidabaimenen puntu gehienak
Hego Euskal Herrian puntukako gidabaimena indarrean denetik 117.495 puntu kendu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu